Artea eta Txina 1989 ondoren erakusketa dela-eta, animalien tratu txarraren inguruan zabaldutako informazio okerren aurrean, Guggenheim Bilbao Museoak honakoa adierazten du:
Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia erakusketak Txinako sormen artistikoa aztertzen du, 1989an Tiananmen plazan izandako istiluetatik hasi eta 2008an Pekingo Olinpiar Jokoak egin ziren arteko epean.
60 artista eta arte-kolektibo baino gehiagoren 120 artelanen bitartez, munduari buruzko ideia, esperientzia eta ikuspegi ezberdinak jartzen ditu erakusketak agerian, elkarrizketa globalean funtsezko papera hartu duen herrialde baten testuinguruan.
Erakusketa hau, beraz, gaur egungo munduari eta gugan eragina duten gaiei buruzko gogoeta eta eztabaidaren abiapuntu da, errespetuzko begirada zabal batetik. Erakusketaren oinarrian daude funtsezko eskubideak defendatzeko beharra, hala nola, adierazpen-askatasuna, baita sormen artistikoaren askatasuna defendatzeko nahia ere.
Munduaren antzerkia eta Zubia artelanek osatzen duten instalazioan intsektu eta narrasti biziak daude. Zubia kaiola-egitura izurtu bat da, arku baten formakoa, eta haren barruan sugeak eta dortokak mugitzen dira, animalia mitologikoak irudikatzen dituzten brontzezko eskultura txinatarren artean. Zubia obraren azpian Munduaren antzerkia dago, dortoka-oskol baten formako egitura bat, barruan narrasti eta intsektuak dauzkana, bizirik denak. Instalazio horrek botere-dinamikei eta Txinako kultur tradizioei egiten die erreferentzia.
Aipatutako lanetako narrasti eta intsektu guztiak itxian hazi eta Museora ekarri dira, albaitari-txosten batek osasun-baldintza hoberenak baieztatu eta zegozkion baimenak eskuratu ostean. Museoak aditu-talde baten aholkularitza eta zerbitzuak ditu: egunero arduratzen dira narrasti eta intsektuen elikadura, garbiketa eta zaintzaz, baita terrarioen mantenuaz ere. Eginkizun horiek lehen eta azken orduetan egiten dira, Museoa zabalik dagoen orduetatik kanpo.
Espezie hauentzako baldintza eta habitat egokia sortze aldera, terrarioek honakoak dituzte: substratu berezi bat, tapaki isotermikoak, argi- eta bero-pantailak, baita edontzi, bainuontzi eta hidrogel-deposituak ere.
Bere aldetik, Transferentzia-kasu bat artelana bideo bat da, 1994ean egin zen performance bat dokumentatzen duena; bertan, bi txerri ageri dira, arrak emea estaltzen duela baserri batean. Ez dago txerri bizirik erakusketan. Alegoria kultural gisa sortu zen pieza hori, eta gizakiaren, naturaren eta kulturaren arteko harremana aztertzen du. Txerrietako batek Mendebaldeko karaktereak ditu tintaz azalean estanpatuak, eta besteak berriz, alegiazko karaktere txinatarrak. Hortaz, erabat ukatzen dugu artelanean animalien inolako sufrimendurik dagoenik.
Azpimarratu nahi dugu Museoa izaki bizidun guztien eskubideen alde dagoela, eta horregatik, haientzako baldintzarik onenak bermatzeko ahalegin guztiak egin dituela.