- Datak: ekainak 19–azaroak 10, 2024
- Komisarioa: Manuel Cirauqui
- Film & Video aretoa (103)
2024ko ekainaren 19tik azaroaren 10era, Film & Video programaren hamargarren urteurrenarekin bat, Anthony McCall: Segundo-frakzioa erakusketa izango da ikusgai Guggenheim Bilbao Museoan. 2014az geroztik, Film & Video programazioak bideo-arteari eta mugimendudun irudiari lotutako praktika artistiko garaikideen ikuspegi osatu eta erabat berezia eskaintzen jardun du, eta urteotan guztiotan hainbat artistaren lan adierazgarriak erakutsi ditu, besteak beste, Christian Marclay, Ragnar Kjartansson, Pierre Huyghe, Diana Thater, William Kentridge, Javier Téllez, Sharon Lockhart, Monira Al Qadiri, Alex Reynolds, Marine Hugonnier eta beste sortzaile gailen askorenak.
Oraingo honetan, Segundo-frakzioa izenburupean, Anthony McCallen (St. Paul’s Cray, Erresuma Batua, 1946) lan-sorta bat aurkeztuko da. New Yorken bizi den artista britainiarra aitzindaria da baliabide artistiko berrietan, zinema hedatuan eta bideo-instalazioan. McCallek argi proiektatua erabiltzen du fenomeno eskultorikoak sortzeko eta bisitariak murgiltze-esperientzia batean barneratzeko. Argi-sortek egitura geometrikoak eratzen dituzte, eta puntuak, berriz, espazioan gurutzatzen diren lerro, segmentu zuzen edo kurbatu bihurtzeraino hedatzen dira. Konfigurazio horiek airean egindako marrazkien, eskultura minimalisten edo zinema-mota erabat abstraktuaren itxura dute. Hiru arlo horiek —zinema, eskultura, marrazkia— 1970eko hamarkadaz geroztik elkartzen dira McCallen lanean “argi solidoa” deritzon ideiaren baitan; kontzeptu horrek erakusketa-aretoan argi-planoen proiekzio kontrolatuak sortutako efektuak izendatzen ditu, hain zuzen ere. Argi trinkoaren formak orientazioaren, posizioaren eta eskalaren etengabeko aldaketen menpe daude, eta ukigarriak dirudite. Gainera, formetan barrena ibiltzera bultzatzen dute publikoa; baina interakzio paradoxikoa sustatzen dute, ez baitute zerbait ukitzearen sentsaziorik eragiten, harridura-efektu agortezin bat baizik.
Erakusketan McCallek argi trinkoz egindako lan berria estreinatuko da: Segundo-frakzioa Ispilua IV (Split Second Mirror IV, 2024), argi-proiekzio horizontal bikoitza, bi ispilu handi, bi proiektore eta bi pantaila zeharrargi dituena. Elementu horiek banandu edo moztu egiten dituzte argiak sortutako bi bolumen konikoak —aretoan simetrikoki kokatuak—, haien mugimenduak islatu edo biderkatu nahiko balituzte bezala. Lan berri horretan argia altuera desberdinetan proiektatzen da, eta efektu eliptikoak eta horizontalak sortzen ditu. Gainera, artistak animazio digitala erabiltzen du formak espazioan birarazteko; forma horiek bat egiten dute, eta plano gurutzatu eta kiribilduetan datzan marrazki lineal bat osatzen.