2021ean 530.967 bisitari jaso ditu Guggenheim Bilbao Museoak. Pandemia-egoera betean igarotako urtea izaki, kopurua oso positiboa da, aurtengo urterako aurreikusitakoa baino % 6 gehiago izan baita, bereziki urteko bigarren zatian egondako bisitari-gorakada handiari esker.
Bisitarien jatorri geografikoari erreparatuz gero, 2021ean bisitarien % 57 Estatukoa izan da, eta % 43 beste herrialde batzuetakoa, nola diren Frantzia (% 16), Alemania (% 4), Ameriketako Estatu Batuak (% 3), Britainia Handia (% 2), Italia (% 2) eta Portugal (% 1). EAEko bisitariak guztirako kopuruaren % 23 izan dira, eta Estatuko gainontzeko tokietatik etorritakoen artean Kataluniakoak eta Madrilgoak gailendu dira (guztirako bisitarien % 8 eta % 7, hurrenez hurren).
Publikoa gutxinaka berreskuratu izanaren arrazoietako bat, ezbairik gabe, aurtengo programazio artistikoak izandako harrera ona izan da, eta horren erantzule izan dira, besteak beste, une honetan ikusgai dauden Emakumeak abstrakziogile (BBVA Fundazioaren babesari esker) eta Alice Neel: pertsonak lehenbizi (Iberdrolak babestua, eta urteko erakusketarik onena nazioarteko Apollo Art Magazine eta Vulture aldizkarien arabera) eta, nola ez, uda-garaian bisitari gehien erakarri zituen Urte eroak, 1920ko hamarkada (BBKren babesarekin antolatua).
#BiziberrituPuppy crowdfunding kanpaina izan da Museoak 2021ean gauzatutako ekimen berritzaileetako bat. Kanpaina ekainean hasi zen Jeff Koonsen Puppy eskultura berritzeko funtsak biltzeko asmoz, eta 60.750 euro jaso ditu oraingoz orain. Asko eta asko izan dira beren ekarpenari esker Puppy barrutik berritzen lagundu duten dohaintza-emaileak, baita enpresak ere. Berrikuntza-lanak iraila eta urria artean gauzatu ziren.
Arlo digitalari dagokionez, guggenheim-bilbao.eus webguneak 2.719.376 bisitaldi eta bistaratutako 8.242.072 orrialde erregistratu zituen guztira 2021ean; era berean, gora egiten jarraitzen dute Museoak sare sozialetan dituen komunitateak eta eraginak: 743.000 jarraitzaile ditugu Instagramen, 371.200 Twitterren eta 342.100 Facebooken; 1.456.300 lagun guztira. Nabarmentzekoa da jarraitzaileek Museoaren kontuekiko duten hartu-eman handia.
Hezkuntza-programei dagokienez, aldiz, 2021ean 52.687 pertsonak hartu dute parte Museoak eskainitako aurrez aurreko zein online jardueretan, eta 436.399 pertsona izan dira arte-programazioaren osagarri diren espazio didaktikoak erabili dituztenak. Urteko berrikuntzen artean, honakoak dira nabarmentzekoak: abian jarri da Hezitzaileen Community, irakasleentzako berariazko kolektiboa, interes-talde horrekiko harremana indartzeko xedez sortua; tresna digitalen erabilera areagotu da Museoaren hezkuntza-programazioaren irismena hedatu ahal izateko; eta New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museumen egonaldiak egiteko euskal ikasle eta artistentzako beka-programaren zazpigarren edizioa aurrera atera da.
Komunitate zabala
Museoko banakako kideei dagokionez, 101.716 dira Museoak artearen eta kulturaren inguruan sortutako Community komunitatea osatzen dutenak. Kolektiboen arabera banatuz gero, 21.127 Museoaren Lagunak dira; Museoa ireki zenetik izandako kopururik handiena da aurtengoa, eta horrek agerian uzten du kolektibo hori zenbateraino dagoen errotuta gertuko ingurunean. Museoarekin hartu-emanean egoteko doako modalitateari dagozkion kideak, hau da, Jarraitzaileak, aldiz, 79.792 dira; kolektiboa % 70 hazi da 2021ean, eta Jarraitzaileen erdia Estatukoa da, bereziki EAEkoa (guztirako kopuruaren % 19), Kataluniakoa (% 7) eta Madrilgoa (% 6); atzerriko kideen artean nabarmentzekoak dira Frantziakoak (guztirako kopuruaren % 12) eta, horien atzetik, AEBkoak, Italiakoak eta Alemaniakoak (% 4 bakoitza). Gainera, 2021ean 797 onuradun izan ditu langabezian daudenei Museora doan sartzeko aukera eskaintzen dien Erdu programak.
Guggenheim Bilbao Museoak 2021ean izan duen enpresa-partaidetzari dagokionez, 111 izan dira Kide Korporatiboak. Erakundearen finantzabidearen ezinbesteko oinarri diren kideok ere badira Communityren parte. Egungo egoera ikusita, horien laguntzak eta Museoarekiko duten konpromisoak inoiz baino balio handiagoa dute, beren ekarpenak funtsezkoak izan baitira Museoaren 2021eko emaitza orokorrak lortzeko; horrek berretsi baino ez du egiten enpresek Museoaren finantzaketa-ereduan duten garrantzia.
Ekonomiaren higiarazlea
Azkenik, hona hemen 2021ean Guggenheim Bilbao Museoaren funtzionamenduak bere inguruan izan duen eragin ekonomikoari buruzko emaitzak:
- Museoaren jarduerari esker EAEn sortutako eskaria 195,9 milioi eurokoa izan da guztira.
- Barne Produktu Gordinari egindako ekarpena 172,2 milioi eurokoa izan da.
- Kopuru horiei esker, Euskal Ogasun Publikoek 26,6 milioi euroko diru-sarrera gehigarria izan dute.
- Museoaren jarduerak 3.671 enplegu mantentzen lagundu du.
Aurten ere, bizitako urte gogorra gorabehera, Guggenheim Bilbao Museoak Europako kultura-erakundeen artean buru izaten jarraitzen du autofinantzaketa-mailari dagokionez. 2021ean % 62koa izan da datu hori, gutxi gorabehera.