Prentsa oharra

315.908 pertsonak bisitatu dute Guggenheim Bilbao Museoa 2020an

2020 oso bestelakoa izan da aurreko urteekin alderatuta, izan ere, osasun-pandemia dela-eta, Museoa itxita egon da ia hiru hilabetez eta, ondotik, Museora etorri ohi den bisitari kopuruak behera egin du mugikortasunari dagokionean indarrean izan diren neurri murriztaileen ondorioz. Egoera gaitza izan arren, Museoak urtearen balantze positiboa egin du, online eskainitako bideo, tailer, hitzaldi eta bisitaldien bidez garatutako jarduera digitalek jarraipen eta harrera itzela izan dituztelako eta, baita ere, egoerak hala egiteko aukera eman duenean, publikoa Museora bertaratu delako.

Bisitarien jatorri geografikoari erreparatuz gero, orain arteko joera irauli egin da, hau da, 2020an bisitarien gehiengoa atzerrikoa beharrean Estatukoa izan da (% 61); gainerako bisitariak (% 39) besteak beste Frantziatik (% 18), Britainia Handitik (% 3), Alemaniatik (% 3), Italiatik (% 2), Portugaletik (% 1) eta Ameriketako Estatu Batuetatik (% 1) etorritakoak izan dira. Euskal Herriko bisitariak % 30 izan dira, eta Estatuko gainontzeko tokietatik etorritakoen artean Kataluniakoak eta Madrilgoak gailendu dira  (guztirako bisitarien % 8 eta % 7, hurrenez hurren).

Bereziki garrantzitsua da bizkaitarren kopurua, aurreko urtean baino % 50 gehiago izan baitira. Beste modu batera esanda, guztira 69.861 bizkaitarrek bisitatu dituzte erakusketak, 2019an baino 23.191 gehiagok. Aurten nabarmentzekoa da, baita ere, Museora bertaratutako publikoa gazteagoa izan dela: gazte, nerabe eta familia asko etorri dira, bereziki Olafur Eliassonen erakusketa ikustera.

2020an zehar nabarmen areagotu zen Museoaren presentzia digitala, arteaz bertatik bertara gozatzeko ezintasunari nolabait aurre egite aldera, eta emaitza oso positiboa izan da. Udaberriko itxialdian zehar eta Museoa itxita egon zen bitartean, #GuggenheimBilbaoLive ekimen digitala jarri zen abian: guztira 55 bideo, erakusketei eta Museoko alde ezezagunenei buruzkoak, baita artistek eta ipuin-kontalariek haurrentzat garatutako tailerren ingurukoak ere. Bideoek, guztira, 2,3 milioi bistaratze izan dituzte Museoaren sare sozialetan, eta erabiltzaileen 90.000 interakzio zeharo positibo ekarri dituzte.

Beste ekimen digitaletako bat, urri amaierako itxiera perimetralaren kararietara garatua honakoa, #KandinskyAtzeraKontua izan da. 15 bideoko sorta horrek agerian jarri ditu erakusketa muntatu eta inaugurazioaren aurretik prestatu ahal izateko aretoetan, biltegian zein Museoaren bulegoetan egin behar diren lanak. Museoko langile ezberdinek ikusi ohi ez diren zeregin horiek azaltzeak harrera bikaina izan du: 1.6 milioi ikustaldi eta 44.000 interakzio guztira.

Gainera, Museoak epe luzerako proiektu digital bati eman zion hasiera urrian: #GuggenheimBilbaoInsights. Hilabetean behin agertzen diren bideoen sorta bat da eta, edizio zainduko pieza horietan, Museoko komisarioek eduki artistikoak transmititzen dituzte eta Bildumako zenbait artistaren lanean sakontzen dute elkarrizketen bidez.

Maila goreneko erakusketak

Museoak eutsi egin dio bere programazio artistikoaren kalitateari. Udara luzatu zituen martxoan Museoa aldi baterako itxi aurreko asteetan inauguratutako erakusketak (Olafur Eliasson: bizitza errealean, Richard Artschwager, Lygia Clark. Pintura eremu esperimental gisa, 1948–1958 eta William Kentridge), eta udazkenean beste bi erakusketa inauguratu zituen: Lee Krasner. Kolore bizia eta Kandinsky, artistari eskainitako atzera begirako handia. Denek ere harrera eta kritika bikainak izan dituzte, eta bisitariek zeharo eskertu dute, murrizketak murrizketa, programazioa aurrera atera izana; baita bisitaldiak berme guztiekin egin ahal izateko neurriak hartu izana ere.

Esparru digitalari dagokionez, guggenheim-bilbao.eus webguneak 1.981.589 bisitaldi eta bistaratutako 5.775.238 orrialde erregistratu zituen guztira 2020an; era berean, Museoaren sare sozialetako komunitateak eta eraginak gora egiten jarraitzen dute: 636.210 jarraitzaile ditugu Instagramen, 372.655 Twitterren eta 336.145 Facebooken; 1.345.010 lagun guztira, engagement (interakzio) handikoak, gainera.

Hezkuntza-programei dagokienez, 2020an 44.674 pertsonak hartu dute parte Museoak eskaintzen dituen aurrez aurreko zein online jardueretan, eta 217.139 pertsona izan dira arte-programazioaren osagarri diren espazio didaktikoak erabili dituztenak. Urteko berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da tresna digitalen erabilera; izan ere, aukera eman du aforo-mugak edo distantzia geografikoa bezalako kontuengatik Museora bertaratzerik ez duten ikasle, familia eta bestelako publikoei Museoaren hezkuntza-programazioa helarazteko; horrek, era berean, Guggenheim Bilbao Museoaren hezkuntza-proiektua nazioartera zabaltzen lagundu du.

Atal honetan aipagarria da, baita ere, Museoa aldi baterako itxita egon zenean haurrentzako aurrez aurreko jardueren ordez sortutako “Museoa familiartean BBKrekin” ekimen digital berritzailea. Astero-astero, Museoak jarduera ezberdinei buruzko bideoak partekatzen zituen posta elektronikoz eta sare sozialen bidez: ipuinak, bisitaldiak zein familia osoarentzako tailerrak, euskaraz, gaztelaniaz nahiz ingelesez, Elssie Ansareo, Miren Arenzana, Ibon Sáenz de Olazagoitia, Nerea Lekuona, Manu Muniategiandikoetxea eta Manu Uranga artisten eskutik, Catalina Martínez-Moro ipuin-kontalariaren eskutik eta Museoko Hezkuntza eta Interpretazio taldearen eskutik.

Komunitate zabala

Museoko banakako kideei dagokionez, 67.186 dira Museoak artearen eta kulturaren inguruan sortutako Community komunitatea osatzen dutenak. Kolektiboen arabera banatuz gero, 19.640 Museoaren Lagunak dira; zenbateko horrek agerian uzten du Museoak gertuko ingurunean daukan gizarte-babes zabala. Museoarekin harremanetan egoteko doako modalitateari dagozkion Jarraitzaileak, aldiz, 46.736 dira; horien % 52 Estatukoak dira, % 12 Frantziakoak eta horien atzetik dagoz Italiakoak eta Estatu Batuetakoak (% 4 bakoitza). Gainera, 2020an 780 onuradun izan ditu langabezian daudenei Museora doan sartzeko aukera eskaintzen dien Erdu programak.

Guggenheim Bilbao Museoak 2020an izan duen enpresa-partaidetzari dagokionez, 114 izan dira Kide Korporatiboak. Erakundearen finantzabidearen funtsezko oinarri diren kideok ere badira Communityren parte. Egungo egoera ikusita, horien laguntzak eta Museoarekiko duten konpromisoak inoiz baino balio handiagoa dute.

Ekonomiaren higiarazlea

Azkenik, hona hemen 2020an Guggenheim Bilbao Museoaren funtzionamenduak bere inguruan izan duen eragin ekonomikoari buruzko emaitzak:

  • Museoaren jarduerari esker EAEn sortutako eskaria 115 milioi eurokoa izan da guztira.
  • Barne Produktu Gordinari egindako ekarpena 101,7 milioi eurokoa izan da.
  • Kopuru horiei esker, Euskal Ogasun Publikoek 15,7 milioi euroko diru-sarrera gehigarria izan dute.
  • Museoaren jarduerak 2.160 enplegu mantentzen lagundu du.

Aurten ere, bizitako urte gogorra gorabehera, Guggenheim Bilbao Museoak Europako kultura-erakundeen artean buru izaten jarraitzen du autofinantzaketa-mailari dagokionez. 2020an % 51koa izan da datu hori, gutxi gorabehera.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.