PHOTON 999 OBRAREN AURKEZPENA GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAN
Datorren urriaren 29an Frank Gehry, arkitektoa erakusketa inauguratzearen zioz Hiro Yamagata artista japoniarrak bere obra Photon 999 aurkeztuko du Guggenheim Bilbao Museoaren kanpoaldean.
Frank Gehryren lagun pertsonala den Hiro Yamagata guztiz txundituta geratu zen Museoarekin duela gutxi arkitekto amerikarrarekin batera Bilbo bisitatu zuenean. Izan ere, eraikinaren forma organikoak inspirazio-iturritzat hartuta bertarako obra bat sortzea erabaki zuen. Museoaren kanpoaldean gune jakinetan hamabost laser-sistema ezarriz eta urmaelaren gainetik pasabide bat eraikiz artista japoniarrak espazioa eraldatu nahi du, argiaren bidez ingurugiro harrigarria sortuz, ikusleak bertara sartzera erakarri eta dimentsio berri batera eramango dituena.
Hiro Yamagata Japonian jaio zen 1948an. 1972an Parisera joan zen eta Arte Ederretako ikasketak egin zituen. Ondoren Kaliforniara joan zen eta bertan jarri zuen bere estudio-laborategia eta harrezkero argiaren ezaugarriak aztertzen eta bere obra ikusgarriak sortzen dihardu.
Photon 999 instalatzea oso konplexua denez, Guggenheim Bilbao Museoak ibai ondoan dagoen oinezkoentzako pasabidea itxi behar izan du aldi baterako. Hala eta guztiz ere, eraikinaren alde batetik bestera atzealdeko fatxadatik pasa daiteke.
Artelan hau azaroaren 29ra arte egongo da ikusgai Bilbon eta Museoak aurki hedabideentzako aurkezpen bat antolatuko du, garaiz jakinaraziko duen egun batean.