Prentsa oharra

Argiztatze-diseinuentzako IIDA saria

GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAK NAZIOARTEKO ARGIZTATZE SARI BAT JASO DU

Guggenheim Bilbao Museoak aurtengo argiztatze-diseinuentzako IIDA sari ospetsua eskuratu du. Ipar Amerikako Argiztatze Ingeniaritzako Elkarteak (IESNA) urtero nazioarteko lehiaketa baterako deialdia egiten du argiztatze-alorrean egin den diseinu profesional, berritzaile eta burutsuena saritzeko xedez.

IESNAk Guggenheim Bilbao Museoa hautatu du aurten Frank Gehryk eraikinarentzat egindako argiztatze-diseinu apartagatik. Pinakotekaren ezaugarri arkitektonikoak ikusita —forma okerrak eta bolumen uhinduak, hainbat aretoen neurri izugarriak eta sabai altuak— alde batera utzi behar izan zituen arkitektoak ohiko argiztatze-diseinuetako irtenbide erabilienak. Horrela, eraikinaren sabaietan eta zaldainetan banatzen diren korronte-puntu anitzak barne hartzen dituen sistema diseinatu zuen, puntu horiek ezkutatuta gera daitezkeelarik behar diren arteraino. Izan ere, zirkuitu bakoitza banaka erregulatu daiteke eta horrek aldakortasun handiagoa ematen dio sistemari.

Ipar Amerikako Argiztatze Ingeniaritzako Elkarte ezaguna 1906an sortu zen argiztatzearen inguruan gomendio zientifikoak emateko eta munduan zehar zabaltzeko helburuarekin. Gaur egun ondo merezitako oihartzuna du elkarte honek argiztatze-diseinuaren alorrean Ameriketako Estatu Batuetan.

Sari hau gehituz gero 20 sari baino gehiago jaso ditu dagoeneko Guggenheim Bilbao Museoak 1997ko urrian inauguratu zenetik. Pinakotekak, besteak beste, honakoengatik jaso ditu sariak: eraikinaren arkitektura, artea hedaraztea, turismoan izan duen oihartzuna, enpresengandik lortutako babesa eta gastronomia.

Bilbon, 1999ko abuztuaren 13an

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.