GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAK ONDORENGO HITZALDIA ESKAINTZEN DU: PARIS, INFORMALAREN HIRIBURUA
Paris, informalaren hiriburua da bihar, abenduaren 27an, Jean Paul Amelinek Guggenheim Bilbao Museoaren Entzungelan eskainiko duen hitzaldiaren izenburua. Ameline jauna Parisen dagoen Musée National d’Art Moderne Centre Georges Pompidou-ko arte arduradunetako bat da.
Hitzaldi hau Guggenheim Bilbao Museoak Antonio Saura: memoria eta oroipena eta Jean Dubuffet. Abentura baten aztarna erakusketak direla eta antolatutako hitzaldi-zikloan hirugarrena da. Musée National d’Art Moderne-ko arte arduradunen taldeko kidea izateaz gain 1945etik 1960era bitarteko artean aditua den Jean Paul Amelinek arte informalak Europako artea goitik behera aldatu nahi zuen artista belaunaldi berri bat Parisen elkartu zueneko garaia azalduko du.
Surrealismoaren pisu ideologikoa nahiz kubismoaren eta abstrakzio geometrikoaren ondarea gaitzesten zuten artista haiek arte informalarengan adierazpide artistiko naturala aurkitu zuten, aurreko arau guztiak baztertzen zituena alegia. Informalismoak mundu gerraren ostean arte modernoak ezagutu zuen krisialdia gainditzen lagundu zuen eta artisten belaunaldi berri baten interesa piztu zuen.
Paris, informalaren hiriburua hitzaldia 19:30ean hasiko da Guggenheim Bilbao Museoko Entzungelan asteartean, urtarrilaren 27an. Txartelak doan eskura daitezke Museoaren Lagunen leihatilan. Aldi bereko itzulpena egongo da gaztelaniara.