Prentsa oharra

Ángel Corella

New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Foundationaren eta Guggenheim Bilbao Museoaren laguntzaz, Producciones Serrano-k nazioarteko ospea duen Ángel Corella dantzaria aurkezten du, American Ballet Theatre eta New York City Ballet konpainietako beste figura nagusiekin batera. Hauek mundu mailako ballet talde onenetarikoak dira eta bietan Ángel Corella dugu dantzari nagusia. Madrilgo dantzaria lehenengoz dator Bilbora emanaldi honetarako. Ikuskizuna abuztuaren 22 eta 23an aurkeztuko da Euskalduna Jauregian gaueko 21:00etan, Bilboko Aste Nagusiaren testuinguruan.

Dantzaren sortze-prozesuari buruz zerbait ikasi nahi duten guztiek aukera polita dute Corellak Guggenheim Bilbao Museoan zuzenduko duen “Balleta, eta nola interpretatu” hezkuntza-tailerrean. Tailerra Entzungelan egingo da abuztuaren 23an, 12:00etan, eta bertan dantzariek euren ikuskizunaren erakustaldia egingo dute, emanaldi zatiak eta horiek sortzeko prozesuari buruzko solasaldiak tartekatuz

Egun American Ballet Theatreko izar nagusia den Ángel Corella kritikariek bere aurretik konpainia horretako dantzari nagusia izandako Mikjail Baryshnikov ospetsuarekin alderatzen dute bere maisutasuna eta teknika dela-eta. Baryshnikov iparramerikar konpainiaren dantzari ezagunena izan zen nazioartean eta ondoren 1990etik 1980ra bertako Arte Zuzendari gisa jardun zuen. Bere ondorengoa den Corellak lau zatiek osatutako ikuskizuna aurkeztuko du Bilbon, munduko koreografo onenetarikoak diren Marius Petipa, Chistopher Wheeldon, George Balanchine eta Margarita Fernándezek sortutakoak.

Dantzaren munduko figura nagusiak

Eszenatokian Ángel Corellarekin batera egongo diren dantzari ospetsuen artean Hernán Cornejo, Erica Cornejo, Xiomara Reyes, María Riccetto eta bere arreba Carmen Corella daude, American Ballet Theatreko izar nagusiak; bestetik New York City Balleteko Wendy Whelan, Sébastien Marcovici, Maria Kowroski eta Sophiane Sylve bakarlari ezagunak ere han izango dira. Halaber, ikuskizun honetarako Corellak Kataluniako Ballet Gaztearen partaide diren sei dantzari gazte ere hautatu ditu.

Corellak Euskalduna Jauregian aurkeztuko duen egitarauak bi zati izango ditu. Georges Balanchine koreografoak sortutako Who Cares? piezarekin hasiko da emanaldia, Broadwayeko musikalen sortzaile entzutetsua izan zen George Gershwinen musikaz, eta Corellak berak Erica Cornejo, Xiomara Reyes eta María Riccettok dantzatuko dute.

Ondoren Carmen Corellak eta Hernan Cornejo dantzari argentinarrak Amaduo izeneko duetoa dantzatuko dute. 15 minutuko iraupena duen pieza hau aldi batera dantzaria eta koreografoa den Margarita Fernándezek sortu du Mozarten musikan oinarrituta. Modern jazz delakoan espezialista den koreografo honek Julio Boccak interpretatutako pieza gogoangarriak sortu ditu, besteak beste.

Ikuskizunaren lehenengo zatia 45 minutuko iraupena duen After the rain izeneko piezarekin amaituko da. Pieza hau Christopher Wheeldon koreografo ingelesak sortu zuen 2005ean New York City Ballet konpainiarentzat. Pieza hau sei dantzarik interpretatuko dute, denak XX. mendeko koreografo garrantzitsuena izan zen Georges Balanchine errusiarrak sortutako AEBko konpainia horretakoak.

Ikuskizunaren bigarren zatia osorik hartuko du Marius Petipa frantsesak —ballet klasikoaren aitatzat hartzen dena— sortutako Le Corsaire-n jatorrizko koreografian oinarritutako Suitea. Pieza hau errusiar tradizioaren adibide bikaina da eta Espainiako estatuan ezagunegia ez bada ere, munduan zehar hainbat gala eta dantza emanalditan aurkeztu izan dute. Izan ere, daukan zailtasun teknikoari esker pieza hau interpretatuko duten zortzi dantzariek —batik bat Corellak Esklaboaren paperean— ederki erakutsiko dute euren trebetasuna eszenatokian.

Dantzari aparta

Ángel Corellak nazioarteko ospea irabazi du American Ballet Theatre konpainiaren dantzari nagusi gisa, 1940. urtean sortutako konpainia hau munduko dantza talde garrantzitsuenetarikoa delarik. Corella 19 urte zituela iritsi zen New Yorkera Víctor Ullateren konpainian prestakuntza jaso ondoren eta espainiar dantzaren “urrezko belaunaldiaren” partaide den beste dantzari batekin batera: Tamara Rojo.

Urte hauetan, dantzari nagusiaren postua 1996an irabazi ondoren, errepertorio klasikoaren rol gehienak dantzatu ditu: Romeo Romeo eta Julieta-n; Franz Copelia-n; Basilio Don Quijote-n; James, dantzari nagusia La Sylphide-n; Conrad pirata Le Corsaire-n; edo Albrecht Gisele-n. Azken paper honi esker New York Times egunkariko azalean bere emanaldia “berebiziko arrakasta Corella jaunarentzat” hitzekin deskribatu zuten. Gaur egun ere New Yorkeko kritikariek behin eta berriz goraipatzen dute bere aberastasun espresiboagatik eta publikoa liluratzeko duen gaitasunagatik maisutasun teknikoa eta eszenan erakusten duen energia ikaragarria direla medio.

American Ballet Theatreko dantzari nagusia ez ezik, Corella dantzari gonbidatu gisa aritzen da hainbat konpainia ospetsuetan, besteak beste: Londresko Royal Balleten; Milango La Scalan; Tokioko Balletean ; Austriako Balletean edo Txileko Balletean. Azken konpainia honetako ballet denboraldietan eskuarki parte hartu ohi du. Ángel Corellak orain arte jaso dituen sarien artean aipagarriena hau da: 2000. urtean Jerome Robbins koreografoaren Other Dances delakoan egindako lanagatik Munduko Dantzari Onenari emandako “Benois de la Danse” nazioarteko lehenengo saria jaso zuen (ballet munduan Oscar baten parekoa dena).

Bere arreba Carmenekin batera Corella proiektu handinahi bat garatzen ari da bere ezaguerak espainiar balletari eskaintzeko. Hori egiteko Ángel Corella Fundazioa sortu du dantzari gazteei prestakuntza osoa emateko helburuarekin.

“Balleta, eta nola interpretatu”

Datorren abuztuaren 23an Ángel Corellak hezkuntza-tailer bat zuzenduko du Christopher Wheeldon koreografoarekin batera Guggenheim Bilbao Museoko Entzungelan. Tailerrean Corellak berak ez ezik Carmen Corella, Herman Cornejo, Sébastien Marcovici, Xiomara Reyes eta Wendy Whelan dantzariek parte hartuko dute. Work & Process honen egitaraua 12:00etan hasiko da. Gaueko ikuskizunean eszenan aurkeztuko dituzten hainbat piezen zatiak dantzatuko dituzte (Le Corsaireko suitea, Who Cares? eta After the rain) eta ondoren horiek sortzeko prozesuari buruzko azalpenak emango dituzte eta publikoarekin solasaldian arituko dira, honela jendea dantzaren sormen artistikoaren parte izango da.

Guggenheim Bilbao Museoak antolatzen duen ikastaro honentzako zeuden 300 eserlekuak salduta daude dagoeneko. Ekimen hau Mary Sharp Cronson-en bitartekaritzari esker antolatu du Museoak, izan ere pertsona hau 1984tik Works & Process at the Guggenheim-en produktorea da. Works & Process egitarauaren xedea zera da: bisitariei koreografo, musikagile, idazle eta zinema-zuzendarien sortze-prozesuari buruzko hurbileko ikuspuntua ematea.

ÁNGEL CORELLA & STARS IKUSKIZUNAREN EGITARAUA

Euskalduna Jauregia (abuztuaren 22 eta 23a, 21:00etan)

Lehenengo zatia
WHO CARES?
(Iraupena g.g.b. 35 min.)
Koreografia: George Balanchine
Musika: George Gershwin
Dantzariak: Xiomara Reyes, Erica Cornejo, María Riccetto eta Angel Corella

AMADUO (Iraupena g.g.b. 14 min. )
Koreografia: Margarita Fernández
Musika: Mozart
Jantzien diseinua: Francisco Ayala
Dantzariak: Carmen Corella eta Herman Cornejo
Atsedenaldia ( 15 min. )

AFTER THE RAIN Osoa (Iraupena g.g.b. 45 min.)
Koreografia: Christopher Wheeldon
Musika: Arvo Part
Dantzariak: Wendy Whelan, Sofiane Sylve, María Kowroski, Sebastien
Marcovici, Ed Liang, Jason Fowler
Atsedenaldia (15 min. )

Bigarren zatia

LE CORSAIRE-n SUITEA (Iraupena g.g.b. 40 min.)
Koreografia: Marius Petipa
Musika: Ricardo Drigo
Esklaboa: ANGEL CORELLA

Ikuskizun honetarako sarrerak salgai daude eta honela eskura daitezke: telefonoa erabiliz, 944 310 310 zenbakian; Euskalduna Jauregiko leihatiletan; BBK-ren orotarako kutxazainetan; edo Internet bidez (www.generaltickets.com/bbk).

“Balleta, eta nola interpretatu” WORK & PROCESS-AREN EGITARAUA

Guggenheim Bilbao Museoko Entzungela. Abuztuaren 23an, 12:00etan

WHO CARES?
Angel Corella, Ziomara Reyes, Wendy Whelan
Solasaldia
AFTER THE RAIN

Sébastien Marcovici, Wendy Whelan
Solasaldia

LE CORSAIRE-n SUITEA
Angel Corella, Carmen Corella, Sébastien Marcovici, Ziomara Reyes
Solasaldia

 

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.