EUDALD CARBONELL-EN HITZALDIA GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAN: “AFRIKA GIZAKIAREN HISTORIAREN JATORRIAN"
% 100 Afrika erakusketa dela eta Guggenheim Bilbao Museoak hitzaldi ziklo bat antolatu du hainbat alorretan ondo ezagunak diren adituen parte hartzea izango duena.
Datorren astelehenean, urriaren 30ean, idazlea, katedraduna eta Atapuercako diziplina anitzeko ikerketarako programaren kozuzendaria den Eudald Carbonell-ek “Afrika gizakiaren historiaren jatorrian” izenburua duen hitzaldia emango du. Hitzaldia Museoko Entzungelan burutuko da arratsaldeko 19:00etan eta doan izango da bertaratu nahi duten guztientzat.
“Gizadiaren geneen sorburua Afrika izan da hein handi batean”, “Homo generoko ordezkari gehienak Afrikan agertu ziren” edo “beti ere Afrikara jo beharko dugu nor garen ulertzeko” bezalako baieztapenak azalduko ditu Kuaternarioko Geologian aditua eta Tarragonako Universitat Rovira i Virgili-ko Historiaurreko Katedraduna den Carbonellek Guggenheim Bilbao Museoan, gizakiaren jatorri biologikoa argitzeko eta “Gizadiaren jatorria antzinate urrutian galtzen da” bezalako usteak baztertzeko ahaleginen testuinguruan.
Hitzaldi ziklo honen xede handinahia Afrikako kontinentea “inoiz ikusi ez dugun bezala” ezagutaraztea da, hau da bisitariei Afrikari buruzko ikuspegi berri bat ematea, historiaren ikuspuntuaz eta hedabideetan emandako informazioez bestelakoa den ildotik joz.
Eudald Carbonell i Rourak (Girona, 1953) 300 bat artikulu argitaratu ditu, zientziakoak nahiz zientzia jendarteratzekoak, eta Historiaurreko hogeita hamar libururen egile edo editorea da. 1997. urtean Atapuercako Ikerketa Taldeko beste kideekin batera Ikerketa Zientifiko eta Teknikoaren Príncipe de Asturias saria jaso zuen.
Hitzaldi honi buruzko argibide gehiago: 944 35 90 80.
Bilbo, 2006ko urriaren 26a