Prentsa oharra

Kosmo jaio da, Museoaren Bildumaren ezagutza-grafoa

Guggenheim Bilbao Museoak tresna digital berritzaile bat aurkeztu du bere Bildumako artistak modu interaktiboan ezagutu ahal izateko

Guggenheim Bilbao Museoak tresna birtual berri bat aurkeztu du, bere Bilduman ordezkatutako artistak modu dinamiko eta bisualean lotzen dituena. Kosmo izeneko esperientzia digital horrek kontsultarako aukera zabala eskaintzen du interfaze intuitibo baten bidez, eta esplorazio-eta aurkikuntza-ibilbide desberdinak sortzea nahiz esperientzia birtual paregabea eraikitzea ahalbidetzen du. Erreminta gaurtik aurrera egongo da eskuragarri Museoaren webgunean. 

Guggenheim Bilbao Museoak arte modernoa eta garaikidea ezagutarazteko eta haren gozamena sustatzeko hartua duen konpromisotik sortua, esperientzia horren abiapuntua artisten konstelazio bat da, eta bertan ageri diren elkarguneek haien arteko loturak erakusten dituzte. Artisten irudien gainean klik eginez, hainbat baliabide zabaltzen dira, eta aukera ematen dute sakonetik ezagutzeko haien biografiak, artelanak eta Museoan ikusgai egon diren erakusketak, bibliografiak, haiekin zerikusia duten Bildumako gainerako artistak, baita bideoak eta dokumentalak ere, haien sorkuntza-lengoaiak are gehiago hurbiltzen dizkigutenak. Hortik aurrera, eta iragazki batzuen bidez, korronte edo mugimendu artistiko zehatzen arabera, lantzen dituzten adierazpideen arabera edo beren jaiotza-hamarkaden arabera taldekatu daitezke. Gainera, artista horietatik bertokoak edo estatukoak zeintzuk diren jakiteko aukera ematen du, baita iraunkorki ikusgai dauden obrak zeintzuk diren jakitekoa ere.

KOSMO AZTERTU

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.