Prentsa oharra

GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAREN FUNDAZIOAREN PATRONATUKO BILERA

Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatua batzartu egin da gaur Iñigo Urkullu Lehendakari jauna buru zela, eta honakoak izan dira bileran: Unai Rementeria jauna, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazioaren Batzorde Betearazlearen Presidentea; Bingen Zupiria jauna, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua; Lorea Bilbao andrea, Euskara, Kultura eta Kirol Foru Diputatua; Juan Mª Aburto jauna, Bilboko Alkatea; Fundazioaren gobernu-organo gorena osatzen duten enpresen eta erakundeen ordezkariak (batzuk modu telematikoan); eta New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim Museoen Zuzendariak, Richard Armstrong jauna (modu telematikoan) eta Juan Ignacio Vidarte jauna.

Bilera hasteko, urteko jardueraren balantzea gainbegiratu dute; Museoak aurten 1.247.599 bisitari izan ditu orain arte, aldi honetarako aurreikusitakoa baino % 55 gehiago, eta 2021ean data berean metatutako kopuruaren bikoitza gaindituta. Joera positiboa urte osoan mantendu da; Motion. Autos, Art, Architecture erakusketak 750.000 bisita baino gehiago erregistratu ditu bost hilabetetan eta, hala, 2022ko uda inoizko jendetsuena izan da. Hilabeteetan zehar, atzerriko bisitarien ehunekoa berreskuratuz joan da, pandemian behera egin baitzuen nabarmen, eta gaur egun guztizkoaren % 54ra iritsi da.

Museoari lotutako kolektiboen atalean, Communityk —artearen eta kulturaren inguruko komunitatea, Lagunak, Jarraitzaileak eta ERDU programaren onuradunak biltzen dituena, besteak beste— 183.000 pertsona baino gehiago erregistratu ditu; 22.000 baino gehiago izan dira Lagunen kolektiboan, eta Jarraitzaileen kopurua bikoiztu egin da 2021eko itxierarekin alderatuta.

Museoak bere eragiketetan lortutako diru-sarreren bilakaera positiboari esker (sarrerak, Denda-Liburudendako salmentak eta babesletzak), dirulaguntza publikoak 1.500.000 euro murriztu dira, eta erakundeek zenbateko hori artelanak erosteko erabiliko dute.

Bileran 2023ko ekitaldirako aurrekontua onartu da, 950.000 bisitariren aurreikuspena oinarri hartuta landua. Aurrekontu operatiboa 32.665.379 eurokoa da, iazkoa baino % 8,1 handiagoa, besteak beste, energia-kostuen eta KPIaren igoeragatik.

Bileran 2023ko programazio artistikoa ere onartu da, arte moderno eta garaikideko figura handiak protagonista izango dituena; hasteko, otsailaren 10ean, Joan Miró. Errealitate absolutua. Paris, 1920–1945 —Miróren ibilbidearen funtsezko aldia—; ondoren, martxoaren 17an, Oskar Kokoschka artista austriarrari eskainitako atzera begirako handia, eta Lynette Yiadom-Boakye artista britainiarraren azkenaldiko obraren aurkezpena, martxoaren 31tik irailaren 10era bitartean ikusi ahal izango dena. Ekainaren 27an, Museoak Yayoi Kusama sortzaile japoniarrari eskainitako erakusketa bat hartuko du, bere bizitza eta ibilbide artistiko luzea sakonetik aztertzeko. Irailaren 29an, berriz, Picasso. Materia eta gorputza inauguratuko da, Malagako maisuaren eskultura-ekoizpenari buruzko erakusketa, haren heriotzaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan. Londresen bizi den Marine Hugonnier artista frantsesaren obra berria Museoko Film & Video aretoan ikusi ahal izango da urriaren 27tik aurrera. Bestetik, Gego artista alemaniar-venezuelarraren obraren inguruko atzera begirako erakusketa bat inauguratuko da azaroaren 3an, sortzaileak landu zuen abstrakzioaren ikuspegi bereziak izandako eboluzioa jasoko duena. 2023ko programazioa osatzeko, Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak ere egongo dira ikusgai.

Bileran, bestetik, 2021–2023 Plan Estrategikoaren gauzatze-mailaren berri eman da, baita bertan aurreikusitako konpromisoen bilakaeraren berri ere hainbat arlotan, besteak beste: eraldaketa digitala, hezkuntza eta programa publikoak, ingurumen-jasangarritasunari buruzko proiektuak, Museoa Urdaibain zabaltzeko proiektuari buruzko azterlanetan izandako azkeneko aurrerapenak, eta 25. urteurrena ospatzeko ekitaldiak.

Ildo horretan, ekitaldian zehar, Museoak mota guztietako ekimenak partekatu ditu herritarrekin, artea, musika, literatura, arkitektura, zientzia, dantza, performancea eta antzerkia barne, eta ospakizunari amaiera bikaina emateko, Immersions eskaini du, Atrioan argi eta soinu inguratzaileak proiektatzen zituen ikuskizun berezi bat, 50.000 pertsona inguruk gozatu dutena; ikuskizunak, Reflectionsen jarraipen gisa, eraikinaren barrura eraman zuen Museoari eta hiriari buruzko kontakizuna.

ERAKUSKETEN IRUDIAK hemen daude eskuragarri

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.