Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatua batzartu da gaur Iñigo Urkullu Lehendakari jauna buru zela, eta bileran honakoak izan dira: Unai Rementeria Maiz jauna, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazioaren Batzorde Betearazlearen Presidentea; Bingen Zupiria jauna, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburua; Lorea Bilbao andrea, Euskara eta Kultura Foru Diputatua; Juan Mª Aburto jauna, Bilboko Alkatea; Fundazioaren gobernu-organo gorena osatzen duten enpresen eta erakundeen ordezkariak; eta New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim Museoen zuzendariak, Richard Armstrong jauna eta Juan Ignacio Vidarte jauna.
Bilera hasteko, urteko lehen bost hilabeteko jardueraren balantzea gainbegiratu dute labur-labur. Gaur arte 347.472 bisitari jaso ditu Museoak, epealdi honetarako aurreikusitakoa baino % 38 gehiago, hau da, 2021. urteko kopuruaren hirukoitza (epe horretan oraindik covid-19ak eragindako itxiera perimetralak zeuden eta eragin nabarmena izan zuten bisitari-kopuruan). 2022an pandemia aurretik zeuden kopuruetara hurbiltzen ari gara (2019koekin alderatuta, epe berdinerako % 14 gutxiago).
Bisitarien jatorri geografikoari dagokionez, azpimarratzekoa da aurreko urteko datuekin alderatuta ia % 40 igo direla atzerritik etorritako bisitariak, aztergai dugun epealdian % 12tik % 51ra igo baita atzerritarren portzentajea. Horien artean Frantziatik etorritakoak dira gehiengoa. Aipatzekoa da ere Communityk epe honetan izan duen hazkundea. Museoak artearen eta kulturaren inguruan sortutako komunitatea, Museoaren Lagunek, Jarraitzaileek eta Erdu programaren onuradunek osatzen dute, besteak beste, eta 115.111 kide izatera iritsi da. % 13ko hazkundea izan du, beraz, 2021eko azken emaitzekin alderatuz gero.
Era berean, bilkura horretan 2023 urterako aurreikusita dauden erakusketak aurreratu zaizkio Patronatuari. Arte moderno eta garaikidearen figura gailenak aztertuko dira horietan; esaterako, Joan Mirók Parisen lanean egin zituen urteak aztertuko dituen erakusketa izango da ikusgai, baita Oskar Kokoschkari eskainitako atzera begirakoa ere; Lynette Yiadom-Boakyek 2020 eta 2023 bitartean sortutako margolanak aurkeztuko ditu beste erakusketa batean; eta Giovanni Anselmo artistaren ekoizpena ere ikusgai izango da erakusketa zabalean, zeinak haren eskultura ugari nahiz paper gaineko obrak, argazkiak, bideoak eta kokapen zehatzeko lanak aurkeztuko dituen. Horrez gain, arte-programazioak Bilbon bizi den June Crespo artista nafarra barne hartuko du; haren lan eskultorikoa gaur egungo ikerketa-ildo askoren bidegurutzean kokatzen da. Azkenik, Film & Video aretoan, Tacita Dean, Metahaven eta Marine Hugonnier artisten ikus-entzunezko ekoizpenak izango ditugu. Amaitzeko, 2023an ere, Museoak Pablo Picassok egindako lan eskultorikoak aztergai izango dituen erakusketa zabala antolatuko du artistaren heriotzaren 50. urteurrena ospatzeko batzorde nazionalarekin lankidetzan.
Bestalde, 2021–2023 Plan Estrategikoaren bilakaeraren berri eman zaie Patronatuko kideei. Aipatzekoak dira eraldaketa digitalean eta ingurumen-jasangarritasunean egindako aurrerapausoak. Izan ere, azken arlo horretan Museoak Isurien Konpentsazio Plana egingo du aurrenekoz eta 2021 ekitaldiko karbono-aztarna neurtu du. Museoaren 25. urteurrenaren ospakizunen xehetasunak ere eman zaizkie.