Euskal Autonomia Erkidegoko gazteek New Yorkeko Guggenheim Museum-en beka birtualak egiteko programan izena emateko epea zabaltzen da
Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoek EAEko lau gaztek New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en esperientzia profesional bat izateko aukera eskaintzen dute beka-programa honen zortzigarren deialdiari esker. Aurtengo edizioa birtuala izango da erabat, aurrekoak bezala, pandemiak eragindako murrizketengatik, eta urria eta abendua bitartean luzatuko da. Izena emateko epea ekainaren 13an amaitzen da. Hautatutako gazteek 1.750 dolarreko diru-laguntza jasoko dute.
EAEko ikasleei zuzendutako udazkeneko beka-programa honek esperientzia profesionala eskaintzen du artearekin eta museoen jardunarekin zerikusia duten gaietan trebatzeko New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museumeko hainbat arlotan. Praktikaldi horiek graduatu berri diren ikasleei zein graduaren azken urtea edo graduondoko ikasketak egiten ari diren ikasleei zuzentzen zaizkie, beti ere bi baldintza hauek betetzen badituzte: EAEn bizitzea behintzat 2019ko urtarrilaren 1etik eta ingeles-maila altua izatea, ahoz nahiz idatziz. Zehazki, hauek dira izena eman dezaketenak: graduatu berri diren ikasleak (2019–2020 ikasturtetik aurrera graduatutakoak), graduaren azken urtean daudenak edo graduondoko bat ikasten ari direnak. Praktikak erabat online egingo dira (2020ko eta 2021ko deialdietan ere horrela gauzatu behar izan ziren eta emaitzak onak izan ziren), eta hainbat arlotan lan egiteko aukera eskaintzen dute; horien artean daude: erakusketen diseinua, hezkuntza, komunikazioa, experientzia digitala, marketina, kontserbazio-arloa, argitalpenak edo argazkigintza.
Praktikaldiak irauten duen bitartean ikasleek banakako proiektu bat garatu beharko dute, bileretan parte hartuko dute eta praktikaldia egiten ari diren arloari dagozkion jarduerak beteko dituzte. Horrez gain, praktikaldiaren zehar “Museum Culture Seminars” online mintegietan parte hartuko dute. Horietan, partaideek modu birtualean ezagutuko dituzte Museoko profesionalak eta beste bekadun batzuk, eta haiekin elkartrukean arituko dira alor kulturalean pil-pilean dauden gaiak eztabaidatzeko.
Interesdunek Museoaren webgunean ikus ditzakete oinarriak eta bertan eman dezakete izena ekainaren 13 arte. Programa honi lotutako edozein zalantza edo galdera izanez gero, jarri Museoarekin harremanetan helbide hau erabilita: basqueinternships@guggenheim-