Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoaren komunitatea ehun mila kide izatera iritsi da

Guggenheim Bilbao Museoak artearen eta kulturaren inguruan sortua duen komunitatea —Community— ehun mila kide baino gehiago izatera iritsi da azaroan. Guztira 21.603 Lagun eta 78.807 Jarraitzaile biltzen ditu Museoak artezaleekin hartu-emanean aritzeko eta euren intereseko edukiak zein bestelako abantailak eskaintzeko abian jarritako komunitate handi horrek. Informazio esklusiboa, jardueretarako sarrerak erreserbatzeko lehentasuna, ikus-entzunezko edukiak eta lehentasunezko arreta dira, besteak beste, bai Museoaren bai arte moderno eta garaikidearen zaleak biltzen dituen nazioarteko komunitate horretako kideek dituzten hobarietako batzuk.

Guggenheim Bilbao Community 2017ko ekainean sortu zuen Museoak, hogei urte bete zituen urtean bertan; Museoaren Lagunek, ordea, hasiera-hasieratik eman diote babesa erakundeari, 1997an inauguratu zenetik, alegia. 2017an, Community izeneko taldera bildu ziren Museoaren Lagunak eta Kide Korporatiboak, baita Museoa diruz laguntzen duten eta haren programazioa eta jarduna ahalbidetzen dituzten 111 enpresa ere. Talde horrek kolektibo berri bati ere egin zion lekua: Jarraitzaileei. Izendapen horrek bere gain hartzen ditu ekarpen ekonomikorik egin ez arren Museoak eskaintzen dituen jardueren berri jaso eta horietan parte hartu nahi duten pertsonak.

Community sortu zenetik, Lagunen kolektiboa sendo mantendu da, eta astiro baina etenik gabe hazi da. Kolektiboak inoizko kide gehien du une honetan, eta espainiar estatuko museo handien artean lehen postuetan dago kopuruari dagokionez. Jarraitzaileen zenbatekoak ere sendo egin du gora hilabetez hilabete, eta, horri esker, 100.000 kideren mugarria gainditu ahal izan du Guggenheim Bilbaoren komunitateak. Sare horren parte dira, baita ere, Erdu programak dituen ia 800 onuradunak; programa horrek erakusketak doan ikusteko aukera ematen die pertsona langabeei.

Jatorri geografikoa

Museoaren Lagunak bertokoak dira gehientsuenean (% 83 Bizkaian bizi dira); Jarraitzaileak, ordea, jatorri geografiko ugaritakoak dira. Erdia inguru espainiar estatukoak dira, bereziki honako erkidegoetakoak: EAE (15.000tik gora), Katalunia eta Madril (5.000 inguru erkidego bakoitzean), Andaluzia eta Valentzia (2.000tik gora), Kantabria eta Gaztela-Leon (1.000tik gora), eta Nafarroa, Galizia eta Asturias (ia 1.000). Atzerriko Jarraitzaileei dagokienez, nabarmentzekoak dira Frantziakoak (ia 10.000), AEBkoak (4.000), Alemania eta Italiakoak (3.400) eta Herbehereetakoak (2.500).

Datuek aditzera ematen dutenez, komunitatea osasuntsu dago, eta gero eta interes handiagoa eragiten du publikoarengan. Horren erakusgai da orain arte lortutako kideen zenbatekoa (Museoaren ustetan gora egiten jarraituko du datozen urteetan), eta posta elektroniko bidez jasotzen dituzten mezuak zabaldu eta haien jarraipena egiten duten komunitate-kideen indizea handia izateak ere gauza bera adierazten du; gainera, Jarraitzaileetako batzuek Museoarekiko harremanean sakondu eta Museoaren Lagun egitea erabakitzen dute.

Hezitzaileen Community

Joan den ekainean Jarraitzaile kategoria berria jarri zen abian: Hezitzaileen Community, Museoak antolatzen dituen erakusketetan, jarduera didaktikoetan eta sormen-prozesuetan interesa duten irakasleei zuzendua. Gaur gaurkoz 554 dira azpimultzo horretan izena eman duten irakasleak (375 EAEkoak dira), eta hezkuntza-jarduerei buruzko berariazko informazioa eta orientazio-saioak dituzte eskuragarri. Horrez gain, aukera dute ikasleekin Museora etortzeko, baita Museoak ikastetxeentzat egiten dituen erakustaldi praktikoak eta bisitaldi birtualak ikusteko ere.

Erraza da Communityn izena eman eta Jarraitzaile bihurtzea, eta doan da gainera. Nahikoa da kontakturako oinarrizko datu batzuk ematea Museoaren webgunean (Community atalean edo Museorako sarrera eskuratzeko erosketa-prozesuan) edo, bestela, aurrez aurre ere egin daiteke Museoko Atondoan dagoen Community mahaian. Lehentasunezko arreta da, hain zuzen, komunitateko kide izatearen onuretako bat, baina badira gehiago ere, hala nola erakusketei eta jarduerei buruzko informazioa jasotzea helduentzako eta familientzako emailing berezituen bitartez, jardueretarako sarrerak aldez aurretik erreserbatzeko aukera izatea eta webguneko eremu pribatuan kideentzako berariazko edukia izatea eskuragarri. Jarraitzaileek, gainera, nahi adina erabil dezakete wifi sarea Museoan dauden bitartean, eta eurei zuzendutako aldizkako sustapenak izaten dituzte.

Jarraitzaileek baino are abantaila hobeak dituzte Lagunek, izan ere, Lagun-txartela erabilita doan eta nahi bestetan bisitatu dezakete Museoa; gainera, eurentzat ez beste inorentzat antolatutako bidaiez eta jarduerez gozatzeko aukera dute, eta deskontua dute beti Museoko Tabernan eta Denda-Liburudendan. Horrez gainera, doako sarrera dute New Yorkeko eta Veneziako Guggenheim museoetarako, baita Arco eta Feriarte bezalako arte-azoketarako ere, eta deskontua dute Arte Eder Museoa, Euskal Museoa, Arriaga antzokia edo BOS bezalako kultur erakundeetan.


COMMUNITY ABANTAILEN LABURPENA

Jarraitzaileak (Doan)

  • Programazio artistikoa osatzen duten erakusketa guztiei buruzko informazioa eta eduki gehigarriak (komisarioen bideoak, adibidez) jasotzea email bidez
  • Hilean behin, hurrengo hilabeteko jarduera guztiei buruzko informazioa jasotzea
  • Jardueretarako sarrerak publiko orokorrak baino astebete lehenago erreserbatzeko aukera
  • Museora sartzea doan den egunetan (Museoen Nazioarteko Eguna, urteurrenaren asteburua, Gau Zuria) sarrera-txartelak publiko orokorrak baino lehen hartzeko aukera
  • Museorako sarrera lehentasunezko txarteldegian erostea, ilara orokorra ekidinda
  • Erakusten inguruko online eduki esklusiboa ikusteko aukera
  • Aldizkako sustapenak Denda-Liburudendan
  • Inkestetan eta zozketetan parte hartzeko aukera

Hezitzaileen Community (Doan)

  • Jarraitzaileen abantaila berberak
  • Orientazio-saioak, arte-mintegiak, hezkuntza-jarduerei buruzko berariazko informazioa
  • Ikasleekin Museoaren hezkuntza-programetan parte hartzeko aukera: ikastetxeentzako bisitaldiak, aurkezpen praktikoak eta bisitaldi birtualak

Lagunak (Museoari dohaintza bat eginda -PFEZaren aringarria-):

- Helduen txartela: 40 euro urtean
- 26 urtera arteko gazteen txartela: 20 euro urtean
- Erretiratuen txartela: 20 euro urtean
- UPV-EHU, Deustu eta Mondragon unibertsitateetako ikasleen txartela: 5 euro urtean

Jarraitzaileek dituzten abantailez gain:

  • Lagun txartelarekin Museora doan eta zuzen-zuzenean sartzeko aukera, sarrera ateratzeko eta ilaran zain egoteko beharrik gabe
  • Lagunentzako berariaz antolatutako bidaiak, gidaridun bisitaldiak, tailerrak eta jarduerak
  • Online baliabide esklusiboak
  • Deskontua beti Museoko jarduera guztietan, Denda-Liburudendan eta Tabernan
  • Deskontua Bilboko Arte Eder Museoa, Arriaga antzokia eta BOS bezalako kultur erakundeetan
  • Sarrera doan Guggenheim museo guztietan
×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.