- Datak: otsailak 19–ekainak 13, 2021
- Komisarioa: Manuel Cirauqui
- Film & Video aretoa (103)
2021eko otsailaren 19tik ekainaren 13ra, Guggenheim Bilbao Museoak Alex Reynolds. Bada lege bat, esku bat, abesti bat aurkezten du; 2021eko aurreneko erakusketa Film & Video aretoan. Museoak areto honetan erakusten ditu bideo-artean, zine-instalazioan, eta mugimendudun irudia jorratzen duten hizkuntza artistikoetan funtsezkoak diren piezak.
Oraingoan, Alex Reynoldsen (Bilbo, 1978) azkenaldiko hiru obra erakusten dira bertan. Artista ezaguna da gure harreman- eta maitasun-moduak etengabe ikertzeagatik, bereziki hizkuntza zinematografikoaren bitartez. Film & Video aretoko galeria nagusian Eskua kantari (2021) obra dago ikusgai, Guggenheim Bilbao Museoak koproduzitua; piezaren nazioarteko estreinaldia izango da erakusketa honen barruan.
Eskua kantari Alma Södeberg koreografo suediarrarekin lankidetzan sortu eta gauzatu du Reynoldsek. Piezak sare bat eraikitzen du, denboran elkar lotutako keinuz, ahotsez eta irudiz osatua. Elementu horiek elkarri erantzuten diotela dirudi, mimetikoki, sekuentzia irekiei eta elkarren segidako erreakzioei jarraituta: Extremadurako kortxoaren uztaldian artelatz-azalaren erauzketa ia erritualetik, su txiki baten aurrean laranja bat zuritzeko ekintzara, edo norbaiten eskua garbitzeko ekintzara; hostoen dardaratik ahots baten dardarara, urrunean txori baten hegoen astinaldia tartean dela, edo, bestela, interpretearen kantaren eta eskuen mugimenduen artean ezartzen den atzeraelikatzearen errepikapena. Teilatuaren gainean, trukatu egiten dira hitzak gaztelaniaz eta ingelesez, Bruselako horizontean Justizia Jauregia antzematen dugun bitartean. Eskua kantari obra askea da eta, aldi berean, xehetasun handiz konposatua, eta bertan, finkotasunarekiko erresistentziak eta eraldaketarekiko interesak gure zentzumen guztiak sartzen ditu tarteko. Gorputzak, paisaia eta kamera elkarrekiko sintonian ageri dira.