Guggenheim Bilbao Museoak Guggenheim Bilbao Insights saileko bigarren bideoa aurkeztu du: José Manuel Ballester artistaren eta Petra Joos komisarioaren arteko elkarrizketa
Guggenheim Bilbao Museoak #GuggenheimBilbaoInsights ekimen digitaleko bigarren bideoa aurkeztu du gaur. Museoaren Arte-ardura Sailaren gidaritzapean egindako bideo-sorta horretan, arte-arduradunak solasean aritzen dira Museoaren Bilduman obraren bat daukaten zenbait artistarekin.
José Manuel Ballester [2020/03/15] proiektuaren aurkezpenaren harira, artista eta Petra Joos hizketan aritu dira proiektuaz beraz, baina baita artistaren ibilbide profesionalaren inguruko bestelako kontuez ere. Topaketa Ballesterren lanak erakusgai dituen aretoan izan da; gune horretan daude bilduta itxialdi garaian ateratako Bilboren tamaina handiko zenbait argazki eta Picassoren Guernica margolanaren bertsio hustua: Guernica abiapuntu.
Artistak beti izan ditu gogoko bakardadea eta giza presentziaren aztarnak sumatzen zaizkien hiri hutsak, eta elkarrizketa honetan kontatu egiten du nolakoa izan zen apirileko etxealdian hiri atsekabetu hartako kaleetan barrena ibiltzea. Gogoeta egiten du, baita ere, gertakari unibertsalen inguruan, nola diren pandemiak, gaixotasunak edo gerrak.
Elkarrizketaren amaieran, Petra Joos eta José Manuel Ballester Ezkutuko txokoak saileko beste lan batzuen inguruan ere aritu dira. Horietan, historian funtsezkoak diren margolanak berrinterpretatzen ditu Ballesterrek, pertsonaiak kenduta; era horretara, zentzu artistiko eta gizatiar berria hartzen dute lanek. Bideoan adierazten duen legez, egia kaleidoskopikoa da, alde eta ertz ugari ditu, eta horren erakusle da artea.
Bideoa Museoaren webgunean eta sare sozialetan (YouTube, Instagram, Facebook eta Twitter) dago ikusgai.
Hona hemen hurrengo #GuggenheimBilbaoInsights bideoen programazioa:
- 2021eko urtarrila: Ernesto Neto eta Geaninne Gutiérrez-Guimarães
- 2021eko otsaila: Itziar Okariz eta Lucía Agirre
- 2021eko martxoa: Esther Ferrer eta Lekha Hileman Waitoller
Sei ikuspegi
Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduradunen taldea bost komisario artistikok eta laguntzaile batek osatzen dute, eta haietako bakoitzak bere ikuspegia eta ibilbidea eskainiko dizkio proiektuari. Hona hemen taldekideak eta Museoan beren ardurapean izan dituzten azken erakusketetako batzuk:
- Lucía Agirre: 2000tik da Museoko arte-arduraduna, eta honako erakusketez arduratu da, besteak beste: Olafur Eliasson (2020), Thomas Struth (2019), Marc Chagall (2018) eta Bill Viola (2017).
- Manuel Cirauqui: 2016tik da Museoko arte-arduraduna, Dia Art Foundation-etik etorri ondoren. Honako erakusketen komisarioa izan da, besteak beste: Jesús Rafael Soto (2019), Henri Michaux (2018), Anni Albers (2017) eta Artea eta espazioa (2017). Film & Video aretoko programazioaren arduraduna ere bada.
- Geaninne Gutiérrez-Guimaraes: 2015etik da Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduraduna, baina New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museoan du egoitza; Basque Artist Program koordinatzen du bertan. Lygia Clark-i (2020) buruzko erakusketaren komisarioa izan da.
- Lekha Hileman Waitoller: 2019ko urrian hasi zen Museoan lanean arte-arduradun gisa, Chicagoko Art Institute-tik etorri ondoren. Egun, 2021erako bi erakusketa prestatzen ari da.
- Petra Joos: 2000tik da Museoko arte-arduraduna, eta honako erakusketen komisarioa izan da, besteak beste: Jenny Holzer (2019), Alberto Giacometti (2018), Georg Baselitz (2017) eta Louise Bourgeois (2016)
- Marta Blavia: 2006tik da arte-arduradun laguntzailea. Besteak beste, Kandinsky (2020) eta Richard Artschwager (2019) artistei eskainitako erakusketetan aritu da laguntzaile, baita Film & Video programan ere.
#GuggenheimBilbaoInsights