Prentsa oharra

#GuggenheimBilbaoInsights

Guggenheim Bilbao Museoak bideo-sorta berria aurkeztu du: arte-arduradunak eta artistak arteaz hizketan

Guggenheim Bilbao Museoak #GuggenheimBilbaoInsights ekimena aurkeztu du gaur: bideo sorta berria, Museoaren Arte-ardura Sailaren gidaritzapean egina. Bideo horietan, arte-arduradunak Museoaren Bilduman obraren bat daukaten zenbait artistarekin solasean arituko dira.

Ekimen digital berri hau 2020ko azarotik 2021eko ekainera bitartean garatuko da (biak barne). Hilero, Museoak bideo bat argitaratuko du eduki artistikoa ahalik eta ikus-entzule gehienengana zabaltzeko asmoz. Pieza horiek Museoaren webgunean argitaratuko dira, eta sare sozialen bidez ere partekatuko dira: YouTube, Instagram, Facebook eta Twitter. Bideo bakoitzak 20 bat minutuko iraupena izango du, eta elkarrizketaren argigarri izango diren irudiak eta ikus-entzunezko baliabideak ere erakutsiko ditu, atsegina eta didaktikoa izan dadin.

Arte-arduraduna eta artista Museoan edo artistaren estudioan elkartuko dira, edo bi tokietan batera, kokapenaren eta une bakoitzeko aukeren arabera. Elkarrizketa iradokitzaile horien bidez, artista bakoitzak gaur egungo arteari egin dion ekarpena ulertzeko funtsezko elementuak aztertuko dira, eta haren ibilbideari eta ikuskerari buruzko alderdi interesgarriak ezagutaraziko dira. #GuggenheimBilbaoInsights proiektuaren aberastasuna landutako gaien eta ikuspegien aniztasunean egongo da, aldatu egingo baitira artistaren eta arte-arduradunaren arabera, baita haien arteko konplizitatearen eta interakzioaren arabera ere.

Proiektu honetarako, Museoaren Bilduman obraren bat daukaten bina artista hautatu eta datozen hilabeteetan haiekin izango dituzten topaketen gidoiak prestatu ditu arte-arduradun bakoitzak. Sortako lehenengo bideoan, Alyson Shotz-en eta Manuel Cirauquiren arteko elkarrizketa dugu ikusgai, Museoan eta artistaren New Yorkeko estudioan aldi berean grabatua. 2017an Manuel Cirauquik Museoan antolatu zuen Artea eta espazioa erakusketan parte hartu zuen Alyson Shotzek (Arizona, AEB, 1964), eta, haren harira, Museoak artistaren Gogoeta-objektua (Object for Reflection, 2017) eskuratu zuen. Elkarrizketan, hainbat gairi buruz hitz egin dute biek; besteak beste, artistaren ibilbideaz, haren lana ulertzeko elementu garrantzitsuez (argiaz eta grabitateaz, esaterako), naturan egin dituen instalazioez eta duela gutxi izan duen banakako erakusketaz.

Hona hemen lehenengo bideoen programazioa:

•          2020ko azaroa: Alyson Shotz eta Manuel Cirauqui

•          2020ko abendua: José Manuel Ballester eta Petra Joos

•          2021eko urtarrila: Ernesto Neto eta Geaninne Gutiérrez-Guimarães

•          2021eko otsaila: Itziar Okariz eta Lucía Agirre

Sei ikuspegi

Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduradunen taldea bost komisario artistikok eta laguntzaile batek osatzen dute, eta haietako bakoitzak bere ikuspegia eta ibilbidea eskainiko dizkio proiektuari. Hona hemen taldekideak eta Museoan beren ardurapean izan dituzten azken erakusketetako batzuk:

  • Lucía Agirre: 2000tik da Museoko arte-arduraduna, eta honako erakusketez arduratu da, besteak beste: Olafur Eliasson (2020), Thomas Struth (2019), Marc Chagall (2018) eta Bill Viola (2017).
  • Manuel Cirauqui: 2016tik da Museoko arte-arduraduna, Dia Art Foundation-etik etorri ondoren. Honako erakusketen komisarioa izan da, besteak beste: William Kentridge (2020), Jesús Rafael Soto (2019), Henri Michaux (2018) eta Artea eta espazioa (2017).
  • Geaninne Gutiérrez-Guimaraes: 2015etik da Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduraduna, baina New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museoan du egoitza, eta Basque Artist Program koordinatzen du bertan. Lygia Clark-i (2020) buruzko erakusketaren komisarioa izan da.
  • Lekha Hileman Waitoller: 2019ko urrian hasi zen Museoan lanean arte-arduradun gisa, Chicagoko Art Institute-tik etorri ondoren. Egun, 2021erako bi erakusketa prestatzen ari da.
  • Petra Joos: 2000tik da Museoko arte-arduraduna, eta honako erakusketen komisarioa izan da, besteak beste: Jenny Holzer (2019), Alberto Giacometti (2018), Georg Baselitz (2017) eta Louise Bourgeois (2016).
  • Marta Blavia: 2006tik da arte-arduradun laguntzailea. Besteak beste, Kandinsky (2020) eta Richard Artschwager (2019) artistei eskainitako erakusketetan aritu da laguntzaile, baita Film & Video programan ere.
×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.