Guggenheim Bilbao Museoak abian jarri du #KandinskyAtzeraKontua ekimena: egunez egun, hamabost bideoz osatutako sorta emango du argitara Kandinskyren erakusketa prestatzeko eginbeharrak azkentzeko lan-prozesuak erakusteko asmoz. Erakusketak BBVA Fundazioa du babesle eta azaroaren 20an inauguratuko da, ostiralarekin.
New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museoko arte-arduraduna eta Kandinsky erakusketaren komisarioa den Megan Fontanellak emango dio hasiera ekimenari gaur argitaratutako lehenengo bideoarekin. Pandemia dela-eta Fontanellak ezin izan duenez Bilbora etorri erakusketa muntatzera, New Yorketik aurkeztu du ekimena, eta abagunea aprobetxatu du bi museoetako lan-taldeen ahalegina eta haien artean izandako lankidetza estua eskertzeko, horrexeri esker lortu baita erakusketa aurrera eramatea garai zailotan.
Museoak egiten duen lanaren alderdirik ezezagunenak argitara emateko helburuz, datozen egunetako bideoek aretoetako muntaketa-lanei eta bulegoetako zereginei buruzko alde ezberdinak jorratuko dituzte. Hala, Museoko profesionalek aretoak nola margotzen, artelanak nola jasotzen, muntaketa- eta argiztapen-lanak nola egiten edo kartelak nola jartzen dituzten azalduko dute besteak beste, eta erakusketarekin zerikusia duten bestelako arloak ere izango dituzte hizpide, nola diren katalogoa, publizitate-kanpaina edo Denda-Liburudendako produktuak.
Bideoak Museoko langileek eurek grabatuko dituzte, modu xumean, eta egunero zabalduko dira Museoaren sare sozialen (Instagram, Facebook eta Twitter) eta webgunearen bidez.
#KandinskyGuggenheimBilbao
#KandinskyAtzeraKontua