Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak 2020rako jarduera-sorta zabala aurkeztu du

Olafur Eliasson eta Isaac Julien artisten hitzaldiak, Ikuspegiak partekatzen esperientzia-tailerra, Les Ballet Afrik konpainiaren New York is Burning dantza-ikuskizuna, “Hezkuntza eta BBK” programaren baitako Arkitekturako Laborategia haurrentzat eta Summer for Teens tailerrak dira aurtengo jarduera aipagarrietako batzuk.

Guggenheim Bilbao Museoak asmo handiko jarduera-programazioa du 2020rako, aurtengo erakusketa-programaren osagarri gisa. Programazio horrek bi helburu ditu: batetik, arte modernoa eta garaikidea herritarrengana hurbiltzea; eta, bestetik, artearen eta, oro har, kulturaren gozamena sustatzea. Artistekin antolatutako hitzaldiak eta topaketak, arkitekturari, arte plastikoei edo ikus-entzunezkoei buruzko ikastaroak eta tailerrak, eta arte eszenikoen inguruko emanaldi berritzaileak dira, besteak beste, programazio anitz hori osatzen duten jarduerak, eta aurten 70.000 pertsona inguruk hartuko dute parte haietan, nagusiki ingurukoek.

Haurrek eta familiek lehentasuna dute Museoarentzat. Hori dela eta, artistek eta erreferentziako bestelako eragile batzuek garatutako berariazko programazio zabala dute eskura BBKren laguntzari esker.

Hona hemen jarduera aipagarrietako batzuk:

Artea, erdigunean

Bogan dauden artistek, arte-komisario ospetsuek eta hainbat diziplinatako adituek topaketa, tailer eta mahai-inguru ezberdinak egingo dituzte Museoan.

- Olafur Eliasson: nazioarteko artista garaikide garrantzitsuenetako bat da, eta otsailaren 12an hitzaldi bat emango du Olafur Eliasson: bizitza errealean erakusketari buruz (otsailaren 14an inauguratuko da erakusketa Guggenheim Bilbao Museoan). Halaber, munduko hainbat tokitan abian dituen diziplina anitzeko proiektu ausartetako batzuei buruz hitz egingo du. Proiektu horiek klimari, espazio publikoari, arkitekturari edo migrazioari buruzkoak dira, besteak beste.

- Arte garaikidearen alorrean nazioartean sona handiena duen arte-komisarioetako bat da Germano Celant, eta bera izan da otsailaren 26an Museoan inauguratuko den Richard Artschwager erakusketa antolatu duena. Otsailaren 26an, arratsaldez, Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduradun Manuel Cirauquirekin solasean arituko da Artschwagerren obren garrantziari eta berezitasunari buruz.

- Lygia Clarken erakusketari buruzko mahai-ingurua. Geaninne Gutiérrez-Guimarães Lygia Clark. Pintura arlo esperimental gisa, 1948–1958 erakusketaren komisarioa da, eta martxoaren 4an Latinoamerikako arte garaikidean adituak diren Adele Nelson eta Paulo Miyadarekin solasean arituko da abangoardia brasildarrean funtsezko izan den eta aurten ehun urte beteko lituzkeen artista horri buruz.

- Andreas Roepstorff zientzialaria da, eta Kognizio, Komunikazio eta Kultura irakaslea Aarhuseko (Danimarka) Unibertsitatean. Maiatzaren 16an eta 17an “Ikuspegiak partekatzen” tailer esperimentala zuzenduko du, zeina Olafur Eliasson artistarekin egindako elkarlanaren emaitza eta Experimenting Experiencing Reflecting proiektuaren parte baita. Bertan, partaideek erakusketako hiru ikuspegi hautatu beharko dituzte, eta, gero, besteekin partekatu, isilean, mugimenduarekin erlazionatutako esperientziei buruzko ikerketa-proiektu baten barruan.

- Megan Fontanella Solomon R. Guggenheim Foundation fundazioko funtsetatik datorren Kandinsky erakusketaren komisarioa da (ekainaren 12an inauguratuko da Guggenheim Bilbao Museoan), eta ekainaren 10ean Vasily Kandinskyren eta haren garaikideen obra ulertzeko eta hartaz gozatzeko funtsezko gakoak aztertuko ditu Entzungelan.

- Isaac Julien eta Alex Reynolds artistak aurten Museoko Film & Video aretoan izango diren erakusketen programan daude, eta Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduradun Manuel Cirauquirekin solasean arituko dira beren obrei eta ibilbideei buruz. Erakusketak ekainaren 25ean eta urriaren 8an inauguratuko dira, hurrenez hurren, eta hitzaldiak data horien inguruan izango dira.

Musika eta arte eszenikoak

- Works & Process at the Guggenheim programaren barruan, eta Europan lehen aldiz, New York is Burning dantza-ikuskizuna izango da Museoko Entzungelan abuztuaren 24an eta 25ean. Omari Wiles koreografoaren obra da, eta Les Ballet Afrik konpainiak interpretatuko du. Ikuskizunak dantza afrikar tradizionalak uztartzen ditu afrobeat, house eta vogue bezalako estilo guztiz ezberdinekin, ikusleen gozagarri.

- 2020an, halaber, lau Art After Dark saio izango dira. Horietan, nazioarteko DJ onenak Atrioan arituko dira musika jartzen, eta publikoak (gazteak gehienak) elektronikaz gozatu ahal izango du Museoko galeriak gauez bisitatzen dituen bitartean. Hurrengo saioak: otsailak 14, martxoak 13, apirilak 24, maiatzak 15, eta ekainak 5.

- Aurten ere, Bilboko Aste Nagusian, jazz-emanaldiak izango dira Museoko Atrioan abuztuaren 25etik 28ra, eta nazioarteko artista eta talde ospetsuak arituko dira; horri esker, giro berezian ikusi ahal izango ditugu erakusketak.

Horiez gain, hauek ere izango dira programazioan: Artearen hastapenak programak, arte garaikideari buruz ikasi nahi dutenentzako ikastaroak (edizio honetan, Lourdes Cirlot arte-teorialari eta -historialariaren laguntza izango dugu); Partekatutako hausnarketak, Museoko Arte Ardura eta Hezkuntza arloko profesionalek eskainitako bisitaldi esklusiboak, erakusketa berrietako edukiari buruzko ikuspegi desberdinak eskaintzen dituztenak; Let’s Go to the Movies, ingelesezko film zatien proiekzioa, eta, gero, British Council-eko profesionalek bideratutako eztabaida; Teatro Real antzokiaren opera-proiekzioak; Drawing the Guggenheim nazioarteko IV. marrazketa-topaketa (urriaren 25ean izango da, Guggenheim Museoen hiru egoitzetan: New York, Venezia eta Bilbo).

Egonaldi artistikoak eta familiak

Hezkuntza eta BBK programaren barruan, 2020an hiru artista egoiliarren laguntza jasoko dugu Museoak familiei eta eskola-umeei eskaintzen dizkien jarduerak gauzatzeko. Miren Arenzana, Zaloa Ipiña eta Nerea Lekuona ikasturte osoan arituko dira lanean, besteak beste EspacioArt proiektuan: 3–11 urteko haurrentzako sorkuntza irekiko gunea, familiarekin gozatzeko, esperimentatzeko eta esploratzeko sortua.

Astebururo, BBKren babesari esker, haurrek diziplina anitzeko ikastaroak eta tailerrak izango dituzte; esate baterako, Arkitekturako Laborategia, Maushaus-ek emana jakin-mina eta pertzepzio espaziala pizteko; Armiarma tailerrak eta Puppy tailerrak, zeinek harreman zuzena baitute Museoaren Bildumako obra ikoniko horiekin; Baby Art, 6–36 hilabeteko haurrentzat eta haien familientzat; edo Books Alive!, liburutegian egiten dena, ingelesez, liburu eta ipuinei buruz.

Gainera, haurrentzako udako tailerretan (ekainaren 22tik uztailaren 17ra), artista egoiliarrek eta hainbat diziplinatako beste profesional batzuek zenbait jarduera proposatuko dizkiete partaideei dantzaren, jolasaren, gorputz-adierazpenaren, musikaren, ipuinen, animazioaren eta sormenaren inguruan.

Gazteak

Summer for Teens dute izena sortze-jardueretan (adibidez, ikus-entzunezko animazioa, diseinu grafikoa, musika edo dantza) murgildu nahi duten eta, aldi berean, ingelesez aritu nahi duten 13–16 urteko gazteentzako tailerrek. Uztailaren 6tik 10era izango dira tailerrak, ingelesez, eta hainbat diziplinatako artistek eta adituek emango dituzte.

Museoaren jarduerak kopurutan

  • 2019an, 65.000 helduak baino gehiagok hartu zuten parte Guggenheim Bilbao Museoaren hezkuntza-jardueretan.
  • BBKren laguntzari esker, 2019an 8.000 haur baino gehiago hurbildu ziren artera, eta 27.000 ikaslek parte hartu ahal izan zuten ikastetxeetarako programetan.
  • Entzungelan, Hezkuntza-gunean, erakusketa-aretoetan eta liburutegian programatzen dira jarduerak.
  • TopARTE programa trukean oinarrituta dago, eta diziplina askotako jarduera-programazio aberatsa sortzen jarraitzen du. 2019an, 7.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte bertan.

Deskargatu argazkiak hemen

 

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.