EAEKo gazteak New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en praktikaldiak egiteko beketarako izena emateko epea zabaldu da
Egonaldiak 2020an egingo dira, gradu nahiz graduondoko ikasketak egiten ari diren ikasleei eta lizentziatu berriei zuzentzen zaie deialdia; hainbat eremuko ikasleak erakarri nahi ditu, hala nola, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatekoak, Arkitektura, Arte Ederrak, Ekonomia edo Enpresakoak.
Guggenheim Bilbo Museoak urtero bultzatzen duen beka-programari esker, Euskal Autonomia Erkidegoko lau gaztek New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en hiru hilabeteko praktikaldia egiteko aukera izango dute. Deialdira aurkezteko epea abenduaren 16ean amaituko da.
Programa honek New Yorkeko Solomon R. Guggenheim museoko hainbat arlotan lan egiteko aukera ematen du, bai arlo artistikoan bai museogintzan, eta honako hauei zuzentzen zaie: graduatu berri diren ikasleei (2017/2018tik ikasturtetik aurrera graduatutakoei); eta/edo graduaren azken urtean daudenei edo graduondoko bat ikasten ari direnei. Bestetik, ingelesezko maila altua izatea ezin bestekoa da, ahoz nahiz idatziz. Deialdiak bi praktikaldi barne hartzen ditu: bat udan garatzekoa eta bestea udazkenean. Horrek errazten du Museoko askotariko arloetan lan egiteko aukera eskaintzea; horien artean daude: arte-ardura arloa, garapen saila, artapen arloa, hezkuntza, erakusketen diseinua, finantzak, marketin saila, erregistroa eta argazkilaritza, besteak beste. Praktikaldian ikasleek hainbat proiektuetan parte hartuko dute, beste arlo batzuekin harremanetan egongo dira eta, esperientzia osatzeko, bisitaldiak egingo dituzte galerietara, bilduma pribatuetara, enkante-etxeetara eta hiriko beste museotara. Udako praktikaldia 2020ko ekaina eta abuztua artean izango da, eta udazkenekoa 2020ko iraila eta abendua artean. Diru-laguntza 3.500 dolarretakoa izango da.
Interesdunek oinarriak ikus ditzakete eta izena eman dezakete hemen https://www.guggenheim-bilbao.
Ikasleentzako zein artista hasiberrientzako bekak 2014ko abenduan Solomon R. Guggenheim Foundation-ekin sinatutako Kudeaketa Akordioaren berritzean barne hartzen dira; berritzeak bi erakundeen arteko harremanean sakonduko du hainbat proiekturen bidez.