Prentsa oharra

GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAREN FUNDAZIOAREN PATRONATUAK 2019KO AURREKONTUAK ETA ARTE PROGRAMAZIOA ONARTU DITU

Gaur elkartu da Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatua; bertan izan dira: Iñigo Urkullu jauna, Patronatuaren Presidentea eta Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaria; Unai Rementeria jauna, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazioaren Batzorde Betearazlearen Presidentea; Juan M.ª Aburto jauna, Bilboko Alkatea; Bingen Zupiria jauna, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburua; Lorea Bilbao andrea, Euskara eta Kulturako Foru Diputatua; eta New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim museoetako zuzendariak, Richard Armstrong jauna eta Juan Ignacio Vidarte jauna, baita Fundazioaren gobernu-organo gorenaren parte diren enpresa eta erakundeetako ordezkariak ere.

Bilera horretan, ekitaldiko daturik nabarmenenak errepasatu dira: bereziki, 1.220.449 bisitarik osatutako kopurua (abenduaren 17an), aurreikusitakoa baino %30 gehiago baita; eta Communityko kideen kopurua handitzea, kontuan hartuta Kide Korporatiboak, Jarraitzailek, Erdu programako partaideak eta Museoaren Lagunak, azken horiek ia 20.000 direlarik. Une honetan, Communityk 44.967 pertsona biltzen ditu.

Era berean, batzar horretan 2019ko aurrekontua onartu da, aurreko ekitaldiko mailan mantentzen dena, Museoaren operatiboari azkeneko ekitaldietan egindakoen mailan dagoen ekarpen instituzionalekin; Arte programazioa ere onartu dute, eta hari eskainitako diru-kopurua 2018koaren antzekoa izan da.

2018–2020 Plan Estrategikoaren garapenari dagokionez, azpimarratzekoa da, alde batetik, ZERO areto berriaren zabaltzea: esperientzia inguratzailea da, eta bisitariari aukera luzatzen dio Museoaren historiara eta haren inguruetara hurbiltzeko, baita Frank Gehryren arkitektura paregabea eta Bildumako artelanik esanguratsuenak ikuspuntu desberdin batetik behatzeko ere. Bestalde, aipatzekoa da Artitz dokumentazio-plataforma aurrendariaren sorrera; izan ere, Museoaren erakusketen inguruan euskaraz sortutako eduki guztietarako sarbidea da erreminta hori. Museoak ondu duen arte- eta hizkuntza-ondarea biltzen du Artitzek, Eusko Ikaskuntza erakundeak egindako dokumentazio-lan xeheari esker. Hala, tresna argi eta erabilerraz honen bitartez, Guggenheim Bilbao Museoak publikoaren esku uzten ditu eduki horiek, eta euskararen garapen linguistikoarekiko duen konpromiso historikoan aurrera egiten du. Azken arlo estrategiko aipagarria LED teknologiaren txertatze progresiboa da. Aretoen barruko argiztapen artistikorako da hobekuntza hori, aurten hasi eta datozen hilabeteetan jarraituko duena.

Era berean, batzar horretan 2019ko Arte programazioa ere onartu da. Zentzu horretan, “Gaur egungo artearen oinarriak” epigrafearen pean biltzen diren erakusketak honakoei eskainiko zaizkie: Atzera begira. Giorgio Morandi eta antzinako maisuak; eta Kunsthalle Bremen-eko maisulanen hautaketa bat, XIX. eta XX. mendeetako arte alemaniar eta frantsesa nabarmentzen duena. Aldi baterako erakusketa handiei dagokienez, udaberrian ibilbide bat marraztuko du Museoak Jenny Holzer-en ekoizpen artistikoan zehar, eta jarraian, udazkenean, Thomas Struth hartuko du, argazkilari alemaniarraren lau hamarkadatan egindako sormen-bidearen analisia. “Gaur egungo artearen zertzeladak” atalak, bestalde, honako erakusketak aurkeztuko dizkio publikoari: maiatzean, Lucio Fontanari eskainitako atzera begirakoa, Metropolitan Museum of Art-ek antolatua Fondazione Lucio Fontana-rekin eta Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan, funtsezko artista horren ondare historikoa berraztertzeko aukera paregabea; ikusizko pertzepzioaren izaeraren gaineko gogoeta, Gerhard Richter-en Itsas paisaiak delakoen hautaketa bat baliatuta; eta Jesús Soto: laugarren dimentsioa, erabateko esperientzia estetikoaren marko gisa eskulturaren erabilera berrien inguruan artista venezuelarrak duen ikuspegiari heltzen dion erakusketa. Azkenik, Allora & Calzadilla, Jesper Just eta Jesse Jones-en bideoinstalazioak aurkeztuko dira Film & Video aretoan, 2019ko Arte programazioa biribiltzeko. Erakusketen irudi gehiago lortzeko, sakatu hemen.

Era berean, 2020. urteari begira Museoa lantzen dabilen erakusketa-proiektu batzuk ere aurreratu dira, honakoei eskainitakoak, besteak beste: El Anatsui, Richard Artschwager, Lygia Clark, Olafur Eliasson, Vasily Kandinsky edo Lee Krasner.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.