Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak ZERO aurkezten du, bisitari guztiei Museoan murgiltzeko aukera eskaintzen dion esperientzia

Guggenheim Bilbao Museoak ZERO aurkezten du, bisitariak Museoarekin lehenengo kontaktua izan dezan prestatutako aretoa. Proiekzio inguratzaile bat tarteko, bertaratzen dena Museoaren esperientzia osoago baterako prestatzen du gune honek. Atondoaren alboan dago ZERO, eta bisitari guztiei harrera egiten die, Museoren eta haren inguruko historiara zentzumenen bidez hurbiltzeko aukerarekin, eta Frank Gehryren arkitektura paregabearen eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma iraunkorreko artelanik esanguratsuenen gaineko ikuspegi desberdin batekin.

ZERO kontzeptu aurrendaria da museogintzan, eta berretsi egiten du Guggenheim Bilbao Museoak eraldaketa digitalarekin duen konpromisoa; ezaugarri hori erakundearen DNAn egon da hura duela bi hamarkada sortu zenetik. Halaber, ZEROk ikuspuntu berritzailea eskaintzen du funtsezko balioak sustatzeko orduan museoek duten paperaren inguruan; balio horien artean daude aniztasuna, gizarteratzea, enpatia eta abegikortasuna.

Guggenheim Bilbao Museoaren eta Local Projects enpresaren arteko lankidetzaren fruitua da ZERO. Local Projects diseinu estudio bat da; New Yorken du egoitza, baina nazioartean da ezaguna, bisitariaren esperientziaren inguruan duen ikuspegi berritzaileagatik eta mundu osoko kultur instituzioekin egindako proiektuengatik.

Teknologia eta edukia esperientziaren zerbitzura

Geometriaren eta pantaila handi baten gaineko proiekzio kurbatuaren bidez, ispiluz estalitako areto honetan ispiluek 14 aldiz biderkatzen dute mugimendudun irudia, ikuslea inguratu eta hari 300 graduko ikus-eremu kaleidoskopikoa eskaintzeko. Konfigurazio dinamiko horrek esperientziaren erdigunean kokatzen du bisitaria, arkitekturaren muga ukigarriak gainditzen baititu.

Bilboren eta Bizkaiaren historiak, paisaiak eta iragan industrialak eratzen dute ZEROren ikusizko edukia. Irudi historikoen hautaketa bati esker, bisitariak aukera du Museoaren ingurunearen testuingurua zein den aztertu eta hura ulertzeko; halaber, irudi horien bitartez, argi eta garbi geratzen da Museoaren eta hiriaren arteko lotura estua, baita EAEren identitate estetikoari dagokionean ere.

Eraikinaren eta Bildumaren genesi eta sorkuntza-prozesua berebat islatuta geratzen da ZEROn: arkitekturaren xehetasun eta testurak elkarrizketan ipintzen ditu Bilduma iraunkorreko artelanik enblematikoenetako batzuekin. Hala, bisitariak ikuspegi harrigarri batetik helduko die Jean-Michel Basquiat, Louise Bourgeois, Daniel Buren, Eduardo Chillida, Jenny Holzer, Anish Kapoor, Anselm Kiefer, Yves Klein, Jeff Koons, Fujiko Nakaya, Jorge Oteiza, Gerard Richter, Mark Rothko, Richard Serra, Cy Twombly edo Andy Warhol artisten obrei.

Bere aldetik, jatorrizko soinu-banda baten bitartez, ZERO ikusizko hutsetik harago doa, zentzumen-bidaia bikaina eskaintzeko. Doinuak euskal musika izan du inspirazio iturri, txalaparta bereziki; hala, haren antzinako oihartzunak musika elektronikoaren nahiz nazioarteko beste erreferentzia batzuekin nahasten dira. Soinu-banda sofistikatu hori ekoizteko, Ander Sánchez, Bittor Pastor, Iñaki Plaza eta Ion Garmendia euskal musikarien laguntza ere izan du Museoak.

Local Projects-i buruz

Local Projects abangoardiako diseinu estudioa da; narrazio fisiko, digital eta kognitiboko tresnak baliatuz, esperientzia esanguratsu eta interaktiboak sortzen ditu, bisitariak erakarri eta haiek modu berritzailean ikas dezaten animatzeko helburuarekin. Proiektu bakoitzean, Local Projectsek lan-talde anitza eratzen du arkitekturan, edukian, interakzioan, hardwarean, softwarean, eta mugimendu fisiko eta bisualean adituak diren pertsonekin; haien eskarmentuari esker, ikusmina inspiratu, sustatu eta sortzen duten proiektuak garatzen dituzte.

Local Projectsek esperientziak, instalazioak eta erakusketak egin ditu mundu osoko museo, kultur instituzio eta erakunde garrantzitsuentzat. Azken 15 urteetan sari ugari eskuratu ditu, besteak beste, National Design Award eta Cannes Lions International Festival of Creativity jaialdiko Urrezko Lehoia. Gauzatu dituzten proiekturik nabarmenen artean, honakoak daude: Gallery One, Cleveland Museum of Art; ARoS Public, ARoS Art Museum, Danimarka; Cooper-Hewitt Smithsonian Design Museum, New York; London Mithraeum, Bloomberg LP; eta Fashion for Good Experience, Amsterdam.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.