Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak EAEko hiru unibertsitateekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren berriztapenari esker unibertsitateko ikasleek Museoko erakusketa guztiak ikusi ahal izango dituzte ikasturtean zehar bost euroren truke

Bere XX. Urteurrena ospatzeko, Guggenheim Bilbao Museoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuen 2017ko abenduan EAEko hiru unibertsitateetako errektoreekin. Hitzarmen horri esker Euskal Herriko Unibertsitateko; Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko edozein fakultatetan matrikulatutako ikasleak Guggenheim Bilbao Museoaren Lagun izango dira, urtean 5 euroko kopuru sinbolikoaren truke.

Ekimen honen helburua unibertsitateko ikasleak Museora hurbiltzea da, baita horiek jardueretan parte hartzera eta erakusketak bisitatzera bultzatzea ere. 2017–18 ikasturtean 1.900 ikasle erakarri zituen ekimenak eta aurten egonkortu da kopuru hori. Hitzarmenaren xedea da, batetik, unibertsitate garaian ikasleek jasotzen duten prestakuntza pertsonal nahiz akademikoa osatzen laguntzea; eta bestetik, diru-eskasiak artea eta kulturaren gozamena ez mugatzea.

Praktikan honek esan nahi du Museoak %75eko deskontua egiten duela Ikasle Lagun txartelaren egungo prezioaren gainean —20 euro urtean—, eta unibertsitateek konpromisoa hartu dute ekintza hori zabaltzeko, ikasleekin dituzten komunikazio-kanalen bitartez.

Ikasle Lagun gisa programara batu nahi duen guztiak Museoaren webgunean eman dezake izena eskaera-orri erraza betez. Ondoren, Museora lehenengoz sartu baino lehen, unibertsitateko ikasleek Museoko Community mahaitik pasa beharko dute fakultateren batean ikasten ari direla egiaztatzen duen agiria erakusteko (ikasle txartela, matrikula, Unibertsitateetako idazkaritzako ziurtagiria edo antzekoak, datarekin betiere) eta bertan ordainduko dituzte 5 euroak. Modu horretan, Museoaren Ikasle Lagun izatera igaroko dira automatikoki, eta Lagunen kolektiboak dituen abantaila zabalak izango dituzte:

  •  Doako sarrera zuzena Museora, ilararik egin gabe eta nahi bestetan, txartel digital pertsonalizatuari esker
  • Doako gidaridun bisitaldiak eta doako entzuteko gidak.
  • Deskontuak Museoak antolatutako jardueratan.
  • Eskari handia duten jardueretarako aldez aurretiko erreserba egiteko aukera.- Museoaren Lagunentzat soilik antolatzen diren jardueretarako gonbidapena jasotzea.
  • Deskontuak Denda-Liburudendan (%5 argitalpenetan eta %20 gainerako artikuluetan).
  • %10eko deskontua Guggenheim Bilbao tabernan, eta %5ekoa Bistró eta Nerua jatetxeetan
  • Museoaren jarduerei buruzko informazioa posta elektronikoan jasotzea.
  • Hitzaldietarako gonbidapenak.
  • New Yorkeko eta Veneziako Guggenheim Museoetara doan sartzeko aukera.- %50eko deskontuak Bilboko Arte Ederretako Museorako eta Euskal Museorako sarreretan
  • %25eko deskontua Arriaga Antzokiko ikuskizun hautatuetan eta %20koa BOSen kontzertu hautatuetan.

Community: hazten ari den komunitatea

Gaur egun eta inauguratu zenetik, ia 18.000 pertsona baino gehiagoz osatutako Lagun sare sendoa du Museoak; Lagun horiek ekarpena egiten diote urtero Museoari, eta erakundearen erroak eta indarra izan dira haren ibilbidearen lehen 20 urteetan. Goian aipatu ditugun abantaila horiek guztiak —tartean Museora doan sartzea— gozatzen dituen Lagunen kidegoaren osagarri dugu Jarraitzaileen taldea. Bi taldeok Community-n batzen dira; artearen eta kulturaren inguruko Museoaren komunitatea. Jarraitzaile bezala doan batu direnek ere hainbat abantaila dituzte, besteak beste: sarbide esklusiboa erakusketei lotutako online ikus-entzunezko edukietara, Museoari buruzko jakinarazpenak posta elektronikoan jasotzea edo lehentasuna Museoak antolatutako jardueretarako sarrerak erosteko orduan. Guggenheim Bilbao Museoak 2017ko ekainean abiarazi zuen Community kontzeptu berria, artearen eta kulturaren inguruko komunitate birtuala sortzeko. Egun, 40.000 erabiltzaile ditu Community-k eta hilero handituz doa kopuru hori, Museoak hartzaile anitz eta askotarikoen artean pizten duen interesaren erakusgarri.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.