Gaur 20 urte ireki zen Guggenheim Bilbao Museoa, eta hori ospatzeko, Museoak doako bi irekiera egun izango ditu aurten ere, urriaren 21ean (larunbata) eta 22an (igandea). Modu horretan, erakundeak eskerrak eman nahi dizkie hiritarrei beste behin ere, Museoaren 20 urteko ibilbidean jasotako babesagatik.
Larunbat eta igandean Museora hurreratzen diren pertsonek hainbat erakusketa erakargarriz gozatzeko aukera izango dute; horien artean, Bill Viola: atzera begirakoa nabarmentzen da, bideoartearen aitzindaria eta gure garaiko artista garrantzitsuenetakoa denaren ibilbidearen gaineko begirada tematiko eta kronologikoa, Iberdrolaren babesarekin gauzatua. Gainera, bisitariek berriki inauguratu den Anni Albers: ikusmena ukitu bisitatzeko parada izango dute, ehun artearen aitzindariak zazpi hamarkadatan egindako obra errepasatzen duen erakusketa, alegia; halaber, igande honetan itxiko den Georg Baselitz. Heroiak erakusketa monografikoa ere ikusi ahalko da, egungo itzal handiko artistak 1965 eta 1966 urteetan egindako pintura-saila barne hartzen duena, porrot egin duten “heroi” zaurgarrien erretratuekin. Azkenik, bideoartearen zaleek Ken Jacobs-en Gonbidatuak (The Guests) lanaz gozatu ahalko dute, eta, noski, aukera paregabea izango dute Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak aurkezpena berriz bisitatzeko.
Doako irekieraz gain, Guggenheim Bilbao Museoak hainbat jarduera berezi hartuko ditu asteburu honetan:
Bestalde, ostiral gauean Art After Dark ekimenaren beste saio bat izango da Atrioan, eta Oliver Koletzki Live Set (Stil vor Talent, Berlin), Moa Anbessa (Venezia) eta Follow The Party (Fever, Bilbo) arituko dira bertan.