Guggenheim Bilbao Museoak bi ADG Laus jaso ditu; diseinu grafikoko saririk garrantzitsuenen artean daude horiek estatu mailan, eta iragarki-piezen kalitate kontzeptual eta formala saritzen dute, bai eta haien funtzionaltasun, berrikuntza eta itxura ere. Sari-banaketa ekainaren 30eko gauean izan zen Bartzelonan, eta 2017ko edizioan saria jaso duten Museoaren bi piezak hauek izan dira: Andy Warhol: Shadows erakusketako kanpaina grafikoa, Madrilgo Zapping agentziarena, eta Museoaren XX. Urteurrenaren microsite-a, Lin3s eta Hopper-ink euskal agentziek egindakoa.
2016an Museoan egon zen Andy Warholen erakusketa sustatzeko grafikak, alde batetik, Zilarrezko Laus saria lortu du Kanpoko Publizitate mailan. Pieza original eta harrigarria da, diseinu-irizpide soil, argi eta oso estetikoa baliatuz Shadows bezalako artelan eskerga bat modu oso bisualean irudikatzen duena. Kanpaina hori prentsa, bideo eta kanpo-euskarrietarako moldatu zen, hala nola, markesina edo banderatxoetarako.
Bestalde, Museoaren XX. Urteurrenaren microsite-ak Brontzezko Laus saria jaso du Digital –webgune instituzionala mailan, Museoaren barrualdeko forma sigi-sagatsuak gogorarazten dizkigun diseinu garbi eta txundigarriagatik; gainera, erabiltzaileak forma horiekin jolasteko aukera du edozein gailutik, teknologia berritzaile bati esker. Microsite horrek toki nabarmena du Museoaren webgunean, eta bertan egongo da 2017ko urria arte, orduan beteko baititu Museoak 20 urte. https://xx.guggenheim-bilbao.