Prentsa oharra

H.O.S.H., Garamendi eta Adrian DJek itxiko dute Art After Dark denboraldia 2017ko iraila arte

Datorren ekainaren 9an, ostiralarekin, Guggenheim Bilbao Museoak Art After Dark saio berri bat hartuko du, udako geldialdiaren aurretik azkena, hain zuzen. Oraingoan, H.O.S.H., Garamendi eta Adrian DJak arduratuko dira bertaratzen direnak dantzan jartzeaz.

Ongi etorria Adrián DJ-k emongo du eta 22:15etatik aurrera Garamendi getxotarraren pop rock kontzerturako txanda izango da. Elbow edo Patrick Watson-en eta Coldplay ezagunaren moduko taldeen arteko eremua esploratuz, Garamendik normalean orekan oinarrituriko erregistroak sortzen ditu: musika-testura finak, moldaketa sinfonikoak eta pop abestien errepika ulerterrazak konbinatzen ditu. Desert Plains diskoko lanak Sopelan eta Andrés Isasi entzunaretoan grabatu dituzte. Borja Barrueta bateria-jotzaile talentudunaren erritmoen gainean (Jorge Drexler, Alberto Iglesias, Fernando Velázquez, Carlos Raya, Ara Malikian), bederatzi musikariz osaturiko korda-taldearentzako moldaketa dotoreak daude. Era horretan, filmetakoaren moduko soinua sortzen dute. Autoprodukzioaren munduan sartzeko, Garamendik zintzotasuna hartu du printzipiotzat, eta proiektu honetan konpositore, moldatzaile, ekoizle, nahasle eta masterizatzaile izan da, Saúl Santolaria soinu-ingeniariarekin batera (Zenet, Joshua Edelman, Dead Bronco). Proiektu pertsonalekin batera, Garamendik beste artista batzuentzako lanak ere egiten ditu, Smile talde getxotarrarentzat eta Berta Bittersweet soul eta R&B abeslariarentzat, adibidez. Onda Cero irrati-kateko “La Brújula” irratsaioan Garamendiren lan bat dute sintoniatzat. Duela gutxi, musikariak Getxoko Aixegaztea saria jaso du, “etorkizun oparoko gaztea”ren saria, alegia.

Kontzertuaren amaieran, Adrian bueltatuko da eszenatokira. Adrianek 15 urtetik gora darama “mezua zabaltzen”. Hasieran Comic’s lokalean aritu zen, eta bertatik, Bilboko belaunaldi oso batek musika beltza ezagutu zezan lagundu zuen. Bullitt Groove Club-en egon zen ondoren; bere lokala zen, eta eginkizun musikal bat zeukan. Orain FEVERen ipintzen du musika, hainbat giro uztartzen dituen Bilboko club garrantzitsuan. Besteak beste, honakoekin aritu da: Keb Darge, Jazzman Gerald, Eddie Piller (acid jazz), Oli Stewart (Casbah 73), Jadd (Improvisto), Mark Taylor (Blue Note), Ian Wright, Andy Lewis eta Wayne Kra.

Holger Behn (H.O.S.H. ezizenez ezaguna) izango da Museoko Atrioan musika elektronikoa ipintzen azkena. Hanburgoko DJ eta ekoizlea egoiliar gisa aritzen da Watergate (Berlin), Studio 80 (Amsterdam) eta Ego (Hanburgo) klubetan. Gainera, underground elektronikoko talentu berriak aurkitzen laguntzen du, Alemania iparraldeko udako Grünanlage jaialdiko sustatzaile baita; H.O.S.H. bera jaialdi horretako artista enblematikoenen artean egon izan da. 2006tik, Diynamic diskoetxeko oinarrizko pieza da (Solomun zuzendariarekin eta Stimming-ekin batera), eta horren bitartez house musika leku ezezagunetara eraman du. Bere ekoizpen eta birnahasketetan ikusten da trebetasun berezia eta kontentzio iradokitzailea dituela. H.O.S.H.-ek musika-ekoizpena sukaldaritzarekin parekatzen du eta esaten du “zenbat eta maitasun eta gogo gehiago jarri, pistak orduan eta hobeak izaten direla”.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.