Espresionismo Abstraktua erakusketaren aitzakian, maiatzaren 19an kontzertu errepikaezin batez gozatzeko aukera izango dute hiritarrek Bilboko Plaza Berrian. Arratsaldeko 19:30etatik 22:00etara lau jazz musikari inprobisatzen arituko dira, Fundación BBVAk babestutako Espresionismo Abstraktua erakusketan dauden artelanek sentiarazten dietena oinarritzat hartuta. Horretarako, une honetan Guggenheim Bilbao Museoko hormetatik zintzilik dauden lanetako batzuk eszenatoki gaineko pantaila handi batean proiektatuko dira ausazko ordenean, eta musikarientzako inspirazio iturri izango dira; horiek haien jarduna zuzenean moldatuko dute, pinturetako bakoitzak iradokitzen dienaren arabera.
Pollock, De Kooning, Rothko, Kline, Still edo Gorky bezalako artistek konbentzioekin hautsi eta pinturaren garai berri bati hasiera eman zioten 1940ko hamarkadan. Hain zuzen ere, garai berean New Yorken garatu zen Free Jazz delakoa omenduko du kontzertuak, eta musikari nahiz ikusleak artelan batetik bestera mugituko dira, oharkabean: Mark Rothkoren kolore-eremu eskergak, Jackson Pollocken kaos indartsua edo Willem De Kooningen Villa Borghese margolanaren tonu mediterraniarrak, besteak beste.
Jarduera honekin, Guggenheim Bilbao Museoak ekainak 4 arte ikusgai egongo den erakusketa errepikaezin hori hurbildu nahi die hiritarrei, eta musika librea baliatuko du horretarako: margolari espresionisten antzera formula finkorik jarraitzen ez duen musika.