- Datak: 2017ko otsailaren 3tik ekainaren 4ra
- Londresko Royal Academy of Artsek antolatutako erakusketa, Guggenheim Bilbao Museoarekin elkarlanean
- Komisarioak: David Anfam, Edith Devaney eta Lucía Agirre
- BBVA Fundazioak babestua
- Aurreko Kubismoak eta Surrealismoak ez bezala, Espresionismo Abstraktuak saihestu egin zuen ezarritako formula oro, eta ospatu egin zituen aniztasuna eta askatasun indibiduala.
- Espresionismo Abstraktuko artelanek berriro definitu zuten pinturaren izaera. Gehienetan oso eskala handiko mihiseetan landuak, espontaneoak eta espresibitate eta bizitasun handikoak dira batzuetan, eta kontenplaziozkoak, besteetan.
- Pollock-ek zioenez “Pintura abstraktua abstraktua da. Aurre egiten dizu”. Artistak bere emozioak adierazten zituen artelana egitean, eta bertan jasota geratzen ziren; ikuslearen pertzepzioak bukatzen eta osatzen du obra, ordea.
Guggenheim Bilbao Museoak Espresionismo Abstraktua aurkezten du, 1940ko hamarkadan, New Yorken, pinturaren erabateko aldaketaren eta bere goraldi berriaren eragile izan ziren artisten lanen hautaketa bikaina ikusteko aukera emango digun erakusketa. Jackson Pollock, Mark Rothko, Willem de Kooning, Robert Motherwell, David Smith edo Clyfford Still, hautatu diren artistetako batzuk dira beste askoren artean, mundu osoko bilduma publiko eta pribatuetako 130 pintura, marrazki, eskultura eta argazki baino gehiago biltzen dituen erakusketa honetarako. Erakusketak ikuspegi berri batetik begiratzen dio Espresionismo Abstraktuari, hainbestetan osotasun bat balitz bezala oker hartu izan den gertakari hau bere dibertsitatean, konplexutasunean, eta bere fazeta anitzetan erakutsi nahian. Erakusketa Bilbon aurkeztea a BBVA Fundazioaren babes eskuzabalari esker eta Terra Foundation for American Art erakundearen laguntzak ahalbidetu dute.