Prentsa oharra

EAEko artista gazteek Guggenheim Bilbao Museoan haien artelanak erakusteko aukera izango dute

Eginberri arte proiektuen deialdia XX. Urteurreneko ospakizunen barruan dago

Eginberri arte proiektuak aurkezteko lehiaketa deitu du Guggenheim Bilbao Museoak, 35 urtetik beherako EAEko artistei zuzendutakoa. Artelanak garatu eta Museoan erakusgai ipintzeko aukera emango die. Ekimen honek Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan prestatu da.

Edozein arte-diziplina onartzen dira deialdian —arte plastikoak, ikus-entzunezkoak eta performancea—. Gaur, abenduaren 16an, hasi da proposamenak aurkezteko epea eta 2017ko urtarrilaren 30an amaituko da. Ondoren, epaimahai batek, Guggenheim Bilbao Museoko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari bina osatutakoak, hautatuko ditu proiektu nabarmenak.

Aukeratutako sormen-lanak —gutxienez hiru eta gehienez hamar— 2017ko apirilaren 10etik maiatzaren 7ra izango dira ikusgai Museoko 177. aretoan; performance izaera duten lanak beste gune batzuetan ere aurkezteko aukera izango da. Museoko arte-arduradun taldea izango da proiektuaren komisarioa eta hautatutako artista bakoitzak 1.500 euroko diru-laguntza izango du obrak ekoizteko eta Museoan erakusteak dakartzan gastuak finantzatzeko.

Guggenheim Bilbao Museoak ekimen hau antolatu du XX. Urteurreneko ospakizun-urtean, tokiko arte-giroarekin elkarlanean jardun nahi baitu, gazteek Museoan haien lana erakuts dezaten eta horrela ezagutzera eman dezaten.

Interesa dutenek oinarriak begira ditzakete eta izen-emate fitxa bete dezakete www.guggenheim-bilbao.eus webgunean. Dokumentazioa Guggenheim Bilbao Museoko bulegoetan aurkeztu beharko dute urtarrilaren 30a baino lehen.

Bilbon, 2016ko abenduaren 16an

 

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.