Prentsa oharra

Georges Braque erakusketa

GEORGES BRAQUE ERAKUSKETA GEHITUKO DU GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAK 2014KO ARTE PROGRAMAZIORA

Georges Braque erakusketa gehitu du Museoak 2014ko arte-programaziora. Erakusketa hori 2013ko neguan izan da Parisko Grand Palais-en, artistaren heriotzaren 50. urteurrena dela eta. Bilbon ekainaren 13tik irailaren 21era egongo da ikusgai.

Braque Kubismoaren sortzaileetako bat izan zen, Pablo Picassorekin eta Juan Grisekin batera, eta, era berean, papiers collés edo itsatsitako paper delakoen aitzindari izan zen. Ondorengo lan guztiak natura hilak eta paisaiak metodikoki aztertzeari bideratuta daude. Pintore frantsesaren eredu bikaintzat jo izan da, klasikoen oinordeko eta Bigarren Mundu Gerra osteko abangoardiaren sustatzaile izan baitzen. Erakusketan Fauvismo aldiko lanetatik hasi eta azkenaldiko lanetara helduko gara; azken horien artean daude estudioen eta txorien sail handiak. Leku gailena izango dute Kubismo aldiko lanek, kaneforen irudikapenek (1920ko hamarkadakoak) eta bizitzaren bukaerako paisaiek.

Bestalde, udan aldez aurretik iragarritako erakusketako lan asko —Mende aldaketako artea: 1880–1920— udazkeneko Guggenheim Sarearen maisulanen erakusketara igaroko dira. Horrela, Gure garaiko artea. Guggenheim Bildumen maisulanak erakusketak, 2014ko irailaren 23tik 2015eko maiatzaren 3ra Museoko hiru solairuetan ikusgai egongo denak, XX. mendeko arte-mugimenduetatik ibilbide kronologikoa egingo du: abangoardia historikoen maisuetatik gaur egundainokoa. Halaber, Guggenheim Bilbao Bildumaren artista garrantzitsuei eskainitako gune monografikoak egongo dira —esaterako, Jorge Oteizari eta Eduardo Chillidari eskainitakoak— eta New Yorkeko museoaren gaur eguneko instalazioak ere gune jakin batean ipiniko dira.


2014ko erakusketak Guggenheim Bilbao Museoan

  • Ernesto Neto: naraman gorputza (2014ko otsailak 14–maiatzak 18)
  • Bideoarte egitasmoa (2014ko martxoaren 7tik aurrera)
  • Yoko Ono. Half-a-Wind Show. Atzera begirakoa (2014ko martxoak 14–irailak 1)
  • Georges Braque (2014ko ekainak 13–irailak 21)
  • Gure garaiko artea. Guggenheim Bildumen maisulanak (2014ko irailak 23–2015eko maiatzak 3)

Bilbon, 2014ko urtarrilaren 22an

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.