Prentsa oharra

Eskuraketa eta dohaintza: Antonio Saura

GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAK ANTONIO SAURAREN OBRAK GEHITU DIZKIO BERE BILDUMARI

Gurutziltzaketa (Crucifixión), 1959-1963 eta Karl Johann II, 1997 dira Sociedad Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.-k erosi berri dituen Antoni Sauraren bi lanen izenburuak, Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumari gehitu dizkionak. Bi olio-pintura horiekin batera, Guggenheim Bilbao Museoaren Berezko Bildumari 24 buru  (24 Cabezas), 1957 eta Goya-ren alegiazko erretratua (Retrato imaginario de Goya), 1985 lanak ere gehituko dizkio, egile berarenak eta Museoak dohaintzan jasotakoak.

Antonio Sauraren obrak gehitzeak berebiziko garrantzia du Museoarentzat, dagoeneko bilduman ordezkatuta dauden Eduardo Chillida euskal eskultorearekin eta Antoni Tàpies pintore katalanarekin batera, Saura gerra ondorengo artearen Espainiako sortzaile nagusietako bat baita, nazioarteko proiekzio handienetakoa izan duena. Bere ibilbide sortzailean fazeta ugari izan ditu. Oihalaren nahiz paperaren gainean pintatzen jardun zuen, eta lan grafikoak (litografia, grabatua eta serigrafia) eta ale bakarreko liburuak egin zituen. Eszenografiak sortu zituen, adibidez Federico García Lorcaren La casa de Bernarda Alba antzezlanerako (Madril, 1963), eta Antonio Gades eta Carlos Sauraren Carmen balleterako (Paris, 1983). 1955ean, Carlos Saura bere anaiaren Flamenco filmean parte hartu zuen, bertan pintura-lan bat sortzeko prozesua deskribatuz. Madrilen Tendencias eta Arte Fantástico (1953) erakusketak antolatu zituen, eta azkena aipatutako erakusketaren katalogoan pintorearen testuak eta Carlos Sauraren argazkiak agertu ziren. Bereziki nabarmentzekoa da idazle gisa egin zuen lan handia. Horren erakusgarri ditugu poeta —adibidez Programio (1951)— eta arte-kritikari gisa egin zuen lana edota El Paso (1957) taldearen manifestua, baita bere obraren inguruan egindako hainbat hausnarketa ere, artistaren lana hobeto ulertzea ahalbidetuz.

1930ean Huescan jaioa, Gerra Zibilean Antonio Saura Madrilen, Valentzian eta Bartzelonan bizi izan zen bere familiarekin. Oso gaztetandik Prado Museora joan ohi zen aitarekin. Bertan, zirrara handia sentitu zuen Diego Velázquezen Cristo crucificado (1632) eta Francisco de Goyaren Perro semihundido (1821/23) obrak ikusi zituenean, eta eragin handia izan zuten bere etorkizuneko lanaren gaietan. Autodidakta zen, 1947an hasi zen pintatzen eta idazten, denbora luzean gaixo egon zen bitartean.

 1948 eta 1950 urte bitartean Constelaciones seriea egin zuen. Serie honetan agerikoa da 30eko eta 40ko hamarkadetako Miró-ren pinturaren eragina, baita André Bretonen irudiaren inguruan elkartutako Surrealismoaren ikusmolde artistikoarena ere. 1953 eta 1955 urte bitartean Parisen bizi izan zen eta bertan, hasiera batean, talde surrealistaren jardueretan parte hartu zuen. Baina Parisko hiriak Bretonen zirkuluarekin harremanetan jartzeko ez ezik informalismo frantsesa, alegia art autre, eta Iparramerikako pintura ezagutzeko aukera eman zion. 1954an Damas (Damak) seriea lantzen hasi zen. Serie horretan, emakumezkoaren gorputza bere funtsezko presentziara murriztuta geratzen da eta agerian geratzen da artistak komunikazio aktiboa lortzeko duen premia, hain zuzen ere egituraketa kontzienteagoaren bidez, non askatasuna, estasia eta biolentzia baztertuta egotetik urrun, ahalbidetuta agertzen baitira.

1957an, El Paso taldea sortu zuen Madrilen. Taldearen zuzendaria izan zen 1960an desegin zen arte, eta berarekin batera Manolo Millares, Manuel Rivera, Pablo Serrano, Rafael Canogar, Antonio Suarez, Luis Feito, Juana Francés artistak eta Manuel Conde eta José Ayllon kritikariak izan ziren bertako kideak. Taldearen manifestuan, Espainian pinturaren eremuan hizkuntza berri bat sortzeko nahia adierazi zuten, garai hartako Europako abangoardiaren testuinguruan kokatua. Hain zuzen ere, urte haietan garatu zen Espainiako informalismoa, El Paso taldeaz gain, Kataluniako Dau al Set taldeko ia artista guztiak parte izanik, Antoni Tàpiesen garrantzizko irudia tartean zela.

Antonio Sauraren obra guztiak irudiaren presentziak duen indarragatik bereizten dira. Irudia serie handietan agertzen da adierazita, esate baterako Damas, Crucifixiones, Retratos imaginarios, Multitudes edo Dora Maar visitada (Damak, Gurutziltzaketak, Alegiazko erretratuak, Jendetzak edo Dora Maar bisitatua)serieetan. Gurutziltzaketa (Crucifixión), 1959–1963 Antonio Saurak 1957an hasi zuen Gurutziltzaketak seriekoa da. Serieak 1968-1978 urte bitartean izan zuen etenaldi luzearen aurretik egin zituen oihal gaineko olio-pinturen corpusa osatzen du. Aipatzekoa da aldi hartan paper gainean lan egin zuela soilik, eta olio-pintura horiek bizirik iraun dutela 1965ean 100 bat pintura suntsitu bazituen ere, eta 1966ra arte lan egin zuen Parisko tailerra 1974an galdu bazuen ere.

1950eko hamarkadaren bukaeran, Saurak beste serie handi bat hasi zuen, Jendetzak alegia, bere bizitzaren azkeneko urteetan oraindik lantzen jarraitu zuen gaia, Karl Johan II garai horretakoa da. Pinturetan, gorputzik ez duten aurpegi ugariek oihalaren nahiz paperaren azalera osoa hartzen dute, pinturaren espazioak dituen mugen jarraitasun, hedapen eta etenaren sentsazioa sorraraziz.

Antonio Sauraren ibilbide artistikoaren barruan, Gurutziltzaketa (Crucifixión) eta Karl Johann II,  bi pinturak eta dohaintzan utzitako 24 buru  (24 cabezas) eta Goya-ren alegiazko erretratua (Retrato imaginario de Goya), paper gaineko bi lanak oso adierazgarriak dira gaiari dagokionez. Bere sorkuntzaren aldi desberdinak biltzen dituzten obra horien aurkezpena New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en bildumakoak diren artistaren beste bi obrekin osatuko da, Antonio Sauraren lanaren ikuspegi zabala eta xehetasunezkoa eskaintzeko asmotan.

Era berean, Sauraren obrak Guggenheim Bilbao Museoaren Berezko Bilduman gehitu izanak Espainiako informalismoaren ordezkaritza osatuko du, eta elkarrizketa interesgarria ezarriko du Iparramerikako espresionismo abstraktuaren irudi nagusi diren Mark Rothko, Willem de Kooning, Clyfford Still eta Robert Motherwellen obrekin,  bilduman artista horien lanek zabal dokumentatzen dutelarik mugimendu artistiko hori.

OHARRA: Eskuratutako obren irudiak jaso nahi dituzten hedabideei Komunikazio Arloarekin harremanetan jartzeko eskatzen zaie, ondoko helbide honetan:

Guggenheim Bilbao Museoa

Komunikazio Arloa

Tel: +34 944359008

Fax: +34 944359059

Media@guggenheim-bilbao.eus

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.